Laura Arroyo (Madril, 1987) duela hiru urtetik bizi da Itsasondon. Gizarte hezitzailea da, eta gaur egun Gurutze Gorrian ari da lanean, Donostian, etorkinen harrera programa batean. Euskara ikasten ari da, A1 mailan. Pandemia garaian hartu zuten berak eta bikotekideak Madril utzi eta bizitzeko modua aldatzeko erabakia. «Lanak eta ekonomiak eman zigun aldaketa hori egiteko aukera. Bikotekideak Gipuzkoan lagun asko zituenez, inguru honetan bila hasi, eta alokairuen prezioagatik etorri ginen Itsasondora. Ume txikia genuen eta haurdun nengoenez, zerotik hasteko leku egokia iruditu zitzaigun». Hasieran zalantza asko izan bazituzten ere, «bizitzako erabakirik onena izan zen. Herriaren harrera oso-oso ona izan da. Umeekin errazagoa izan zaigu harremantzea, herri oso bizia baita».
Ze zaletasun dituzu?
Ibiltzea, mendia, landareak eta bidaiatzea. Oso gustuko dut mundua ezagutzea.
Pelikula bat edo telesail bat.
Tim Burtonen edozein. Bereziki Eduardo Manostijeras.
Liburu bat.
Laura Esquivelen Como agua para chocolate.
Musika talde edo abeslari bat.
Calle 13.
Abesti bat.
Barricadaren Oveja negra.
Oporretarako leku bat.
Pals-eko hondartza.
Zer gosaltzen duzu?
Kafesnea eta ogi txigortua, ahal denean ahuakatearekin.
Kolore bat.
Granatea.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Alabaren jaiotza.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Tatuaje bat.
Amets bat.
Egunen batean Polinesia Frantsesera bidaiatzea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Hondartzan paseatzea.
Goierriko txoko bat.
Ataungo erreka ondoko oinezko bidea eta Larraitz.
Itsasondon biziko ez bazina…
Ez nuke bizitokia aldatuko, nire ametsa bete baitut.