German Urteaga Garmendia • Entrenatzaile pertsonala eta Kirol psikologoa
Buruak sarri iraganera eramaten gaitu. Egin genuena, ez genuena; esan genuena, ez genuena; hartu genituen erabakiak, ez genituenak… Beste batzuetan, aldiz, etorkizunerako jauzia egiten du, zer egingo dugun, zer esango dugun, zein erabaki hartuko ditugun, non egongo garen, zer bazkalduko dugun bihar, nora joango garen asteburuan, zer gertatuko den hemendik hilabete batera, urtebetera, hamar urtera… Orain eta hemen gaudela, bihar eta han egingo dugunaz hausnartzen egoten gara sarri.
Sareetan zehar maiz azaldu izan zait pertsona baten irudia asteko egun bakoitzean. Astelehenean erabat jota, asteartean burumakur, asteazkenean burua zertxobait altxatzen, ostegunean burua tente, ostiralean irribarretsu eta saltoka, larunbatean extasi betean, igandean astelehenean baino tristeago. Esanguratsua oso. Jakina da gehiengoak astelehenetik ostiralera egiten duela lan eta asteko irudi hori errealitate horren islada bezala irudikatu lezake gehiengo horrek. Hori kontuan hartuta, agian gehiengoarentzat ez da arraroa izango irudi horietan agertzen dena, ostiralak eta larunbatak askorentzat asteko egun onenak izaten baitira, beraz normala izan daiteke irudietako pertsona bi egun horietan hain pozik egotea. Niri ere hasieran ez zidan atentzioa eman baina denbora aurrera joan ahala pentsakor geratu naiz. Kuriosoa da gehiengoari ostirala igandea baino gehiago gustatzea, orainean baino etorkizunean bizi garenaren islada bat baino ez da, gainera. Garrantzia gehiago ematen zaio iritsiko denari, edo iritsi daitekeenari, bizitzen ari denari baino.
Askok nahiago izaten dugu ostirala hurrengo egunean (etorkizunean) jai dugulako, ondorioz etorkizun oparoa espero dugu eta horrek motibatu egiten gaitu, gaur lanean ari bagara ere. Aldiz, igandea jai eguna izanik askotan ez gara izaten ostirala bezainbeste gozatzeko gai, orainean baino etorkizunean kateatuta geratzen garelako, alegia, astelehenean.
Adibide honek erakusten du nola askotan momentua bizi ordez etorkizunean bizi garen, iritsi den hortaz gozatu beharrean iritsiko denaren beldurrak berarekin eramaten gaitu sarritan, eta ez oraina, ez geroa ez ditugu behar bezala aprobetxatzen.
Saia gaitezen iraganean harrapatuta ez geratzen, saia gaitezen etorkizunarekin burua gehiegi ez jaten, saia gaitezen igandeak merezi bezala disfrutatzen, eta zergatik ez, baita astelehenak eta asteko beste egunak ere.