Azken 9 urteetan Legorretan bizi da Garikoitz Goikoetxea (Elduain, 1989). Hainbat urtez Berrian kazetari aritua, euskara teknikari ari da lanean, lehenik UEMAn eta azken urtean Tolosako Udalean. Soziolinguistika arloan hainbat ikerlan egindakoa, badu hain ezaguna ez den zaletasuna. «Elduainen gure etxekoak izan dira organistak, gutxienez hiru belaunalditan. 13 urterekin organoa jotzen hasi nintzenean birramonak esaten zidan gazterik hasi nintzela, baina birraitona, 11 urterekin hasi zela». Batez ere Elduainen jotzen badu ere, sortzen zaizkio bestelako eskaerak ere: Legorretan, Berastegin… «Hiletak izaten dira batez ere. Arantzazun ere bai. Bagenuen han senide bat fraile, eta lotura estua izan dugu beti Arantzazurekin. Oso toki maitea dut».
Zein da zure gustuko organoa?
Arantzazukoa ederra da, orkestra oso bat duzu zure esku. Elduaingoa ere berezia da, sonoritate oso gozokoa da.
Ze zaletasun dituzu?
Eguneroko momentu txikiak ingurukoekin gozatzea.
Pelikula bat edo telesail bat.
Bizkarsoro-k zer pentsa handia utzi dit.
Liburu bat.
Euskararen bidegurutzetik, Kike Amonarrizena.
Musika talde edo abeslari bat.
Olatz Salvador.
Abesti bat.
Gorka Urbizuren Teoria bat.
Oporretarako leku bat.
Orio. Urrutiko miraz ibiltzen gara, baina bertan baditugu leku ederrak.
Zer gosaltzen duzu?
Ezer ez gehienetan.
Kolore bat.
Laranja.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Semeak jaio zirenekoak.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Espero gabeko asteburu-pasa bat.
Amets bat.
Ingurukoak pozik bizitzea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Lagunartean mahaiaren bueltan biltzea.
Goierriko txoko bat.
Gabiria. Hala ere, Goierrirako baino joera handiagoa daukat Tolosalderako.
Legorretan biziko ez bazina…
Leitza asko gustatu izan zait beti.