Lusagarra ateratzera
Etimologia zaleak omen gara euskaldunok; amorratuak izan ere. Izen bat entzun orduko, buruari bueltaka hasten gara, beraren esanahia eta jatorria zein izango den jakiteko asmoz. Irrika horrek, baina, ―oina harri busti labainaren gainean jartzean nola― nahi gabeko irristadaren bat egitera eraman gaitzake.
Lusagasti Idiazabalgo etxe bat da; ezaguna dute izena handik pasatzen diren segurar, zegamar, mutiloar eta zeraindarrek ere. Lehen begiratu batean, lan handirik gabe askatzeko moduko korapiloak dituela dirudi; sagasti-ren itzala garbia da hor eta aurretik dagoen lu- horrek esplikazio erraza izan dezake: beste kasu batzuetan bezala (Luberri, Luzuriaga…), lur izango genuke, bere bukaerako kontsonantea galduta… baina esanahia iluna da.
Hori horrela ―sagasti-ri, bere horretan, begiratu beharrean― lusagar hartuz gero abiapuntu modura, ondorioa betegarriagoa da. Jakin behar, horretarako, lu(r)sagar ‘patata’ esateko erabili izan dela. Ez da aranazaleek orain dela ehun bat urte erdal jatorriko hitzak saihesteko sortu zituzten haietako bat; badu tradizio irmoxeagoa ere. Frantsesezko pomme de terre-ren itzulpen zuzena da, hori bai.
Nahikoa da? Begira diezaiegun gertuxeagotik, badaezpada, izenaren eta esanahiaren testuinguruei.
Aurren-aurrena, ikusiko dugu patata 1500 aldera ekarri zela Ameriketatik, baina hasieran ez zela asko zabaldu eta gurean XVIII-XIX. mendeen artekoan sartu zela bete-betean (frantziar armada inguruotan ibili zenean, kasualitatez); bestalde, lu(r)sagar ez da ageri XIX. mendea baino lehenagoko testuetan; oso gutxitan Hegoaldean.
Eta noizkoa da Lusagastiko etxea? Edo, gutxienez, noiz daukagu dokumentatuta beraren izena lehenengoz? 1587. urterako badago aipatuta. Orduan, ez du ezertarako balio lehen planteatutako etimologiak? Ez, nahitaez: izan bailiteke gure Lusagasti hemen aipatutako eragozpenak gainditu eta beste zerbait frogatzen duen hitz bat.
Beste pauso bat atzera
Baina bada beste eragozpen bat ere, oraindik: 1587 baino lehenagoko testigantzak ere baditugu eta horietan Alusagasti ageri zaigu (1402tik hasita). Eta hor oztopo gaindiezina dago! Horregatik, hobe asmo etimologia zaleak oraingoz alde batera utzi eta, behintzat, izena nola alda zitekeen ulertzen saiatzea.
Eta ikusiko dugu baietz, badirela antzeko aldaketen zantzuak han-hemen. Idiazabalen bertan Elusberde dena Lusberde bihurtuta ezagutzen dugu (eluts, ‘laiotz’); hemendik kanpo, berriz, Elusarbe/Lusarbe, taxu berekoa. Edo beste hauek ere bai: elorri-ren ordeko lorri (Lordi, Lordieta); Elexalde/Lejalde (‘elizalde’); Elezkano/Lezkano.
Horrenbestez, lasai samar esango dugu Lusagasti-ren jatorrian Alusagasti dagoela; hortaz, alu(ar)en sagastia?
Ez zait iruditzen; ez gaizki esaka aritzea itsusia delako; gehiago da zuhurtasun kontu bat. Horregatik, irrist egin eta ipurdikoa hartzeko beldurrez, Koldo Mitxelenaren eskua hartuta emango dugu pausoa. Alustiza izena aztertzean (Mutiloako etxea izan zen), jatorrian, alus ikusi zuen (hortik sortua da Bizkai aldeko alustegi, ‘txara’): alus + -ti + -(t)za > Alustiza. Hortik, alus + sagasti > Alusagasti >Lusagasti. ■

