Ebidentziak eta ebidentziarik ezak
Entzun gabeko sermoien berri etxean eman beharra zegoenetakoa naiz. Ordurako hasiak ginen mezatara joateari uzten. Hamarkada gutxitan husten joan dira elizak. Gure aitak dio, bere gazte garaian herritar guztien artean bi zeudela, eta ondo seinalatuak, mezatara joaten ez zirenak. Gaur alderantzizkotik gertuago gabiltza. Bera, 9 apaiz garai berean ezagututakoa da. Neronek ere bost bai, Don Zesareo, Don Vizente, Don Joan, Don Francisco eta Don Meliton. Halako aforoekin elizkizunak egunerokoez eta bezperakoez gain, jaietan 5 meza (6:30, 7:30, 8:30, 10:30 eta 12:00) eta ehiz garaian sei ere bai (5:30). Gaur egun, hiletez gain, meza eta apaiz bakarra dago. eta azken hori beste lauzpabost herrirekin partekatua.
Ez naiz jaieroko mezatakoa. Hileta elizkizun edo ermitta batzuetakoa bai. Entierroetan hamarkoiztu ere egiten da asistentzia. Tokatu izan zaidanetan, sermoiak fedearen eta bizitza berri baten ingurukoak izan dira batik bat. Azkenekoetako batean, han geunden gehienok bizitza bakarra den ustea dugula eta bakarra dela uste dugunez, topera bizitzeko erabiltzen dugunaren kritika eginez hasi zuen. Funtzioa amaituta, lagun arteko baxoerdiren bat hartuz, elizkizunaren inguruko komentarioak ere atera ziren. Besteak beste, hiletetan elkartzen den jendetza tarteko, ulergarria denez, majo aprobetxatzen dutela ez ohikoei bere mezua zabaltzeko, eguneroko bizitza eta elkarbizitzarekin lotutako beste ikuspegi bat ere izan beharko luketela bakarrizketa horiek, entzutekoak bakarrik ez, erantzutekoak ere beharko luketela izan…
Guztirako ebidentziak bilatzen ditugun honetan zientziak zalantza ugari argitu dizkigun arren, nabaritasun garbirik gabe jarraitzen dugu bizitzaren hainbat arlotan, besteak beste sorrerarenean edota amaierarenean. Hor daukate kabida nagusia erlijio eta pentsaera ezberdinek. Zientziak ez digu bizitza berri baten ebidentziarik ematen, baina ezer ez dagoenarenarenik ere ez. Norberaren aukera da sinestuna, agnostikoa, ateoa… izatearena. ■
