Joxe Begiristain • Irakurzalea
Goierriko Irakurle Taldeen Topaketa dugu bihar, Gabirian. 2017an ekin genien ekitaldi hauei, Beasainen Joan Mari Irigoien omenduz. 2018an Zumarraga-Urretxun Arantxa Urretabizkaia, 2019an Ordizian Patxi Zubizarreta, 2022an (pandemiaren etenaren ondoren) Ataunen Laura Mintegi, 2023an Itsason Anjel Lertxundi eta aurten Gabirian Mariasun Landa omenduko dugu, ohi bezala idazlea gurera etorrita.
Aurrez, berea den Krokodiloa ohe azpian ipuina irakurrita joango gatzaizkio Goierriko hainbat herritako irakurzaleok. Liburuaz ere arituko gara noski, baina batez ere, idazlea aurrez aurre izateak ematen duen aukera zukutuz, oraingoan Mariasun Landa bertatik bertara ezagutzeko erabiliko dugu tartea, irakurleok geure artean elkartzeko aitzakiaz gain, jakina.
Jendeak ez omen du irakurtzen; ez omen da libururik saltzen… Hala diote adituek. Ohiko irakurlea leiala omen dela ere badiote batzuek, ordea, horiek ere adituak.
Irakurlea leiala baldin bada, irakurtzeak plazera ematen diolako izango da. Literatura irakurtzearen plazeraren arrazoietaz ere asko hitz egin dute adituek historian zehar. Eta ni, adituek antzemandako ‘arrazoi’ horietako batek behinik harrapatzen nau: literaturako testuak irekiak dira eta irakurlea ez da pasiboa; irakurleak liburuan bere buruaz zerbait antzematean, bere burua beste modu batean ulertzeko aukera baliatuko du, eta hori, hitzez adierazi ezinezko plazera da.
Eta horrek ez du mugarik. Liburuz liburu berritzen den esperientzia ederra da. Bihar ere, Gabirian geure burua aberastuko dugun ziurtasuna dugulako elkartuko gara, kopuruz irakurzale asko ala gutxi izango garenak batere baldintzatzen ez duen sentsazio gozoz.