Igartza eta batez ere jauregiren gaur egungo erabilera publikoa dela eta, Igartza ez da ohiko museo bat. Ondare kultural materiala, arkitektura, eraikina da; ondorioz jauregiaren barrualdean bisitariek ez dute antzinako logela edo espazio pribaturik aurkituko jatorrizko altzariekin. Goiko solairuan aurkitzen den ‘armairua’ izan ezik.
Dirudienez jauregia eraiki zuen Maria Lopez de Yarzaren garaikoa da (XVI. mende hasiera), baina denboraren poderioz bere funtzio originala galdu eta sukaldeko armairu bat gehiago izaten amaitu omen zuen. Jatorrizko funtzioa ezagutzeko, altzariak berak ematen dizkigu pista batzuk… Bi giltza kontserbatu zaizkion arren, 5 izan zituen, 5 zerrailu dituelako. Honek adierazten digu ‘armairu’ horretan balio handiko zerbait gordetzen zutela; beraz, jatorriz Igartzatarren kutxa-gotortua izango zen. Ameskeriak alde batera utzita, ahaztu urre, diamante eta abarrez. Garaiko nobleziarentzat garrantzitsuagoak ziren dokumentuak, hauetan balioztatzen baitzituzten familiaren jatorria, leinua, jabetzak, tituluak, odol garbitasuna… agian baita testamentuak ere. Igartzatarren dokumentuen artean aurkitu zen testamenturik bitxiena edo deigarriena, Maria de Yarzak (edo Igartzako Maria) idatzi zuena izan zen bere edukiagatik.
Maria de Yarza 1542an jaio zen. Juan Lopez de Amezketa eta haren bigarren emazte Petronila Zuazolaren alaba izan zen. Igartza eta Altzegako anderea izatera iritsi zen aitaren bitartez jaso zituenean bi orubeak oinordekotzan, lehen aipaturiko Maria Lopez de Yarzaren hereniloba zen. Juan Lopez de Beresiarturekin ezkondu zen 1557ko ekainaren 10ean. Ez zuten seme-alabarik izan. 1564ko azaroaren 8an hil zen Maria.
Jarraian, 1564ko azaroaren 4an idatzi zuen testamentuaren zati bat aipatuko dugu: «(…)El qual como dicho es quiero y mando que el dicho Juan Lopez sea mi heredero (…) desta dicha cassa y solar de yarça e de todas su pertenencçias (…) con que mando que el dicho Juan Lopez mi marido se entierre sobre mi en la sepultura donde yo me mando enterrar e con condiçion que el dicho Juan Lopez mi marido no se casse en su vida». ■