Osagaiak
Egositako olagarro erro bat
- Bi patata
- Tipula erdia
- Txorizo mina
- Piper hauts gozoa
- Piper hauts mina
- Oliba olioa
- Gatza
Prestaketa
Lehenik patatak osorik egosi behar dira. Ondoren zuritu, sardexka batekin txikitu eta gerorako gorde.
Kazola batean ondo txikitutako tipula olio pixka batekin gorritzen jarri. Gorritu denean txiki-txiki moztutako txorizoa gehitu eta su eztian egin erre gabe. Koilaratxo erdi piper hauts gozo eta koilaratxo erdi piper hauts min gehitu eta ondo nahastu.
Tipula eta txorizoa patatei gehitu, gatza behar badu gehitu eta dena ondo nahastu. Horrela egiten da patata nahasia, patatas revolconas izena du gazteleraz.
Bukatzeko olagarro erroari, osorik, plantxan gorritu bat eman.
Aurkezpena
Platerean patata nahasia jarri eta gainean olagarroa. Gainetik piper hauts minarekin –oso gutxi– hautseztatu, eta oliba olio pixka bat gehitu. ■
David Revuelta • Zumarragako Bidezar taberna
Ikasketak utzi eta 16 urterekin Etxeberri jatetxean aprendiz hasi zen David Revuelta. Bertan 23 urte egin zituen gaur egun den sukaldaria bihurtu arte. «Dakidan guztia Etxeberriri zor diot».
Aldaketa bila edo, Donostiako Alde Zaharreko Casa Vergarara joan zen sukalde buru. Hura bukatu zenean berriz ere herrira itzuli eta Bidezar tabernako bazkide izateko aukera sortu zitzaion, tabernari beste ukitu bat emateko asmoarekin. Konfinamendua hastear zela izan zen hori.
Bidezarren astelehenetik eguneko menua ematen dute, baita pintxo aukera zabala ere. Beti ere sukaldaritza artisaua eginez. Asteburuetan pintxo landuagoak eskaintzen dituzte, baita arrakasta handia duen asteburuko menu landuagoa ere.
Iaz Iburreta taberna hartu zuten Zumarragan bertan. Piedad kalean dagoen tabernan plater solteak eta pintxo landuagoak eskaintzen dituzte.