Kazetaritza Gradua ikasi zuen Anaitze Jauregi olaberritarrak, Bilbon. Bertan bizi izan zen, eta ikasketak amaitutakoan, Olaberrira itzuli zen. Gaur egun Ordizian bizi da, eta Segura Irratian eta Serendipity dendan egiten dituen lanak uztartzen ditu. Argazkilaritza gustuko du txiki-txikitatik. Azken urteetan, josten ikasi du eta argazkilaritzarekin batera joskintza izan da bere zaletasunik handiena. Ortzadar Argazkilari Elkarteko kidea da eta Igartza Sariko epaimahaikidea izan da aurten.
Ze zaletasun dituzu?
Betidanik argazkilaritza gustatu izan zait. Oso gazte nintzela hasi nintzen argazkiak ateratzen eta hori esango nuke dela nire zaletasuna. Azken urteetan josten ere hasi naiz eta joskintza klaseetara joaten naiz.
Pelikula edo telesail bat.
Biak aipatuko ditut. Batetik, Harry Potter-en edozein pelikula aukeratuko nuke, eta bestetik, La Casa de Papel telesaila.
Abeslari edo musika talde bat?
Rozalen.
Abesti bat?
Izaroren La felicidad.
Liburu bat?
Fariña. Normalean ez ditut fikziozko nobelak irakurtzen. Argazkilaritza, moda edota historian gertatutako gertaerekin zerikusia duten liburuak irakurtzen ditut.
Oporretarako toki bat.
Bidaiatzea asko gustatzen zait. Egonaldi motzetarako edozein hiri gustatzen zait. Egonaldi luzeetarako Kantabria aukeratuko nuke.
Kolore bat.
Beltza.
Zer gosaltzen duzu?
Colacao eta tostadak, marmeladarekin, urdaiazpikoarekin… baina nahiago ditut hamaiketakoak; tortilla pintxoa, adibidez.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna?
Nire txakurrak etxera etorri ziren egunak.
Inoiz jaso duzun oparirik bereziena?
Londreserako bidaia bat.
Amets bat.
Kostaldean etxetxo bat izatea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Nire txakurrekin mendian edo udazken/neguan hondartzan paseotxoak ematea.
Goierriko txoko bat.
Ataungo erreka ondoko edozein txoko.
Ordizian biziko ez bazina…
Kostaldeko edozein herri aukeratuko nuke.