Arantza Leoz Ariz • Landarlan Ingurumen Elkartea
NBE Nazio Batuen Erakundeak «ingurugiro garbia eta osasuntsua izateko eskubidea dugula» deklaratu zuen orain dela 2 urte. Hau ez da betetzen. Izan ere, munduko biztanleriaren %99k ez du airearen kalitate onik. OME Osasunerako Mundu Erakundeak onartzen du airearen kutsadura dela «osasun publikorako erronka handienetako bat». Zenbakiak deigarriak dira: munduan 4,2 milioi hildako dira urtean, Europan 400.000 eta espainiar estatuan 20.000, airearen kalitate txarragatik.
Airea kutsatzen duten partikula eta molekula asko daude baina partikula finak (10 eta 2,5µm diametrokoak), ozono troposferikoa (O3) eta nitrogeno dioxidoa (NO2) dira osasunean eta landaredian gehien eragiten dutenak. Batzuk fenomeno naturalengatik sortzen dira, baina gehienak giza jarduerak sortuak dira: trafikoak, industriak eta harrobiek sortzen dituzte batez ere.
2021ean OMEk berritu egin zituen kutsadura murrizteko gomendioak: 2,5µm diametroko partikulentzako ezarritako langa 5 µg/m3-koa da; NO2-rako, berriz, 10 µg/m3-koa; ozonoari dagokionez, urtean soilik hiru aldiz gainditzea zortzi ordutan 100µg/m3-ko muga.
Europako Batzordea, aurten aurkeztutako legean, ez da iristen horrelako balioetara eta helburu lausoagoak ezarri ditu. Izan ere, kutsatzaileen balioak erdira murriztu beharrean laurden batean geratuko dira.
Erkidegoan, 2022ko urteko txostenaren arabera, neurketa estazioen %31ak soilik beteko lukete NO2rako ezarritako gida balioa. 2,5µm diametroko partikulen kasuan, 35 estaziotik bakarrik 2 egon ziren 5 µg/m3-tik behera. Era berean, ozonorako kasu gehienetan ez dira betetzen OMEk argitaratutako giden balioak. Balio hauek hobetzeko asmoz, aurten, estreinakoz, Airearen Kalitatearen Euskadiko 2030 Plana sortu da eta bere helburuak ez dira iristen, nahiz eta gehiago hurbiltzen diren, OMEren gomendioetara.
Neurgailuak parkeetan
Hala ere, kontuan hartu behar dugu Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian 60 neurgailu daudela, baina hauek ez dira beti leku kritikoen inguruan jartzen; adibidez, trafiko handia dagoen kaleetan edo industriarik kutsatzaileenen inguruan. Askotan parkeetan jartzen dira, Beasainen bezala. Horrela apaintzen dituzte datuak, benetako egoera zein den jakiten ukatuz.