Beasaingo udaletxe zaharra 1924an eraitsi zuten, eta leku berean eraiki zuten herriko etxe berria, gaur egun dagoen itxurarekin eta egiturarekin. Eskola Nazionalak eta langileen etxea edo ‘Casa de Empleados’ izeneko eraikina ere altxatu zituzten udaletxearen jarraian, Loinazko San Martin plazan. Areto zabalak, idazkariaren bulegoa eta gela ugari zeuzkan instalazio berriak. Beasaingo Plaza ere neurriz zabaldu zuten.
1924ko urriaren 26an inauguratu zituzten hiru eraikin berriak, Mateo Mujika apaiz idiazabaldarrak eta orduan Iruñeko gotzaina zenak bedeinkatuta.
Beasaingo udaletxe berriaren proiektuaren egilea eta arkitektoa Guillermo Eizagirre Aiestaran tolosarra (1878-1932) zen. Madrilgo Arkitektura Eskolan ikasi zuen, eta 1905ean lizentziatu zen. Tolosako hiribilduaren zabalpena ere diseinatu zuen, eta San Francisco pasealekuko, Rondilla kaleko eta Santa Clara kaleko etxe berriak eraiki zituen aurrena. Lore-modernismoaren eta haustura vienarraren estiloan kokatzen dituzte Eizagirreren hasierako obrak.
Errezilgo udaletxe-eskolaetxe berria (1907-08), Donostian Kontxako pasealekua-28 / Zubieta kalea 54 etxearen fatxada, edota Zizurkilgo eskola-etxea ere eraiki zituen, lehen aro hartan. 1910etik aurrera, ordea, euskal estilo erregionala delako korrontean sartu zen. Forma eta egitura aldetik euskal estilo propio bat bilatu eta lortu zuten; Ipar Euskal Herriak eragin handia izan zuen euskal arkitekto haiengan.
Lehen esku hartzea, plaza
Beasainen, Eizagirrek merkatu publikoaren estalpea diseinatu zuen udaletxea eraiki aurretik, 1912an eraikia. Terrenoak zeukan desnibela baliatuta, terraza gainean ipiniz eman zion teilatua plazari. Haren inspirazioa, Donostiako Kontxako pasealekuan 1908-1912 bitartean Juan Rafael Aldai Lasartek egindako boladizoa izan daiteke.
Beasaingo Eskola Graduatu berrien proiektua 1915ean egin zuen Eizagirrek, euskal arkitektura erregionala sustatzeko mugarritzat jotzen diren 1907ko Bilboko kongresuaren ondoren eta batez ere 1915eko Donostiako kongresuaren aurretik. Errezilgo eta Zizurkilgo eskolez bestela, apaindurak eta fatxada zeharkatzen zuten osagaiak kendu zizkion Beasaingoari, estilo berriaren soiltasunerantz joz. 1919an Tolosako udal arkitekto lanetan hasi zen.
Eskolak eraiki zituenetik 11 urtera, haren aldamenean garatzeko berriro beste eskari bat jaso zuen Beasaindik: udaletxearena. «Estilorik gabeko» aurreko udal eraikinaren ordez altxatu zuen berria. Fatxadak plazara eta kale batera izango zituenez, ertz hartan dorretxe tipologiako dorrea kokatu zuen, udaletxearen bereizgarri nagusia dena, goialdean adreiluz bereizita gainera.
1920ko hamarraldiaren hasieran, erregionalismotik arrazionalismorako bideari ekin zion Eizagirrek, elementu neobarrokoak lehenik eta neoerrenazenstitak geroago txertatuta.