Iñigo Zapirain Garmendia • ZAP! Bideogintza (Idiazabal)
Droneek sekulako iraultza ekarri dute ikus-entzunezkoen industriara. Tripulaziorik gabeko aireontzi hauek, orain dela urte gutxi arte pentsaezinak ziren sormen-aukera berriak ireki dituzte, eta irudiak lortzeko modua eraldatu dute, zeharo. Droneek eskaintzen duten potentzialaz jabetuta, horien erabileran trebatu nintzen eta pilotu titulazioa eskuratu nuen duela 8 urte, oraindik teknologi hau hain ezaguna ez zenean.
Jakitun nintzen nire lanbidean ate berriak zabalduko zizkidala. Gaur egun gero eta gehiago eskatzen da zerbitzu hori, izan bideo korporatiboetarako, izan ezkontzetarako edo beste edozein motatako ikus-entzunezko lanak aberasteko. Plano ikusgarriak lortzeko baliatzen ditugu droneak, orain dela ez hainbeste urtera arte helikopteroekin bakarrik lortu zitezkeenen antzekoak, baina askoz ere merkeagoak. Gainera, malgutasun handia eskaintzen dute, oztopo fisikoak saihesteko, helikoptero bat inoiz ere sartu ezin izango litzatekeen tokietan sartu daitekeelako.
Gaur egun edozeinek erabil ditzakeela dirudien arren, errealitatea oso bestelakoa da. Arautegia geroz eta zorrotzagoa da, eta guri, profesionaloi ere, gero eta baldintza zorrotzagoak ezartzen zaizkigu. Horregatik, drone zerbitzuak kontratatu aurretik garrantzitsua da teorikoki zein praktikoki ondo prestatutako pilotuak aukeratzea, AESAN hegaldi-operadore gisa gaitutako profesional bat dela eta beharrezko dokumentazio eta aseguruak indarrean dituztela ziurtatzea. Droneak ez dira jostailuak, legea ez errespetatzeak arrisku egoerak ekar ditzake eta horrekin batera, sekulako isunak.