Oier Markinezek (Idiazabal, 2005), Mikel Lopezek (Zerain, 2005), Joseba Llorentek (Beasain, 2004), Beñat Imazek (Beasain, 2005) eta Gaizka Jaularrek (Idiazabal, 2005) sortu berri dute Irten Bide punk-rock taldea, eta oholtzaz oholtza ibiltzeko prest daude.
Uda hasieran lehenengo aldiz elkartu eta lehenengo pausoak eman ondoren, «elkarrekin jotzen ondo moldatzen» zirela ikusirik, Irten Bide proiektua jarri dute martxan Goierriko bost gazteek. «Euskal Herriko taldeen kaña eta talde amerikarren melodikotasunaren goxotasuna uztartzetik» datozela diote. Haien lehen abestiak sortzen hasiak dira. Urritik abendura hiru bat kontzertu dituzte lotuta. Sortu berri dituzten abestiez gain bertsioak joko dituzte.
Nola sortu zen proiektua?
O.M: Gaizka eta biok txikitatik elkarrekin ibili izan gara musika eskolan eta ondoren, institutura joan ginenean Gaizka eta Beñat musikako klasean ezagutu ziren. Bertan, musika estilo berdinarekiko, hau da, punk-rockarekiko zuten zaletasun partekatuaz konturatuta, gitarra jotzeko gelditzen hasi ziren eta horietako batean sortu zen talde hau sortzeko ideia.
Orduan, Mikeli eta bioi bota ziguten taldean parte hartzeko proposamena. Lauok hasi ginen apur bat probatzen Idiazabalgo lokaletan, baina baxu-jotzailerik ez genuen, baina zortez, Joseba aurkitu dugu.
Nolakoak izan dira proiektu honetako lehen pausoak?
B.I: Uda hasieran gelditu ginen lehen aldiz, apur bat probatzen hasteko. Ondoren, elkarrekin jotzen ondo moldatzen ginela ikusita, denbora-pasa soila izatetik proiektua serioago hartzeko unea iritsi zela iruditu zitzaigun. Udan ordu asko sartu ditugu lokalean eta entsegu asko egin ditugu.
Horrez gain, gure lehen abestiak sortzen ere hasi gara. Udan lokalean pasatako orduetan hiruzpalau abesti egin ditugu jada eta beste hainbat ere badatoz, baina kontzertuetako errepertorioan bertsioak ere izango ditugu oraingoz.
Zein estilok definitzen du Irten bide?
O.M: Punk-rock bezala definitzen dugu gure estiloa. Azken finean, kontzertu ugari ikusi izan ditugu, Euskal Herriko zenbait talderenak, Kaleko Urdangak, Brigade Loco, Brigada Criminal, kasu eta baita Goierriko zenbait talderenak, adibidez, Azken Sustraiak, The Frankys edota Hell Beer Boys.
Talde horietatik guztietatik edan dugu eta horrez gain, txikitatik entzun izan ditugun punk-rock melodikoko talde amerikarretatik ere influentzia bat badakargula esango nuke, adibidez, Green Day, Social Distortion edota Offspring. Beraz, gure musika Euskal Herriko taldeen ‘kaña’ hori eta amerikarren melodikotasunaren goxotasuna uztartzetik datorrela esan genezake.
Aurrera begira zein da zuen asmoa?
B.I: Orain urritik abendura bitarte baditugu hiru bat kontzertu lotuak eta horiei gogoz eutsiko diegu. Hala ere, aurrera begira gure abestiak grabatu eta kaleratu nahi ditugu, ahalik eta lasterren. Joango gara sare sozialen bidez berriak zabaltzen. ■