Laida Arbizu Agirre gazte ordiziarra, Filosofia ikasketak amaitu berritan, doktore tesia egiten hasi da, negazionismo zientifikoa gaitzat hartuta. Txertoen eraginkortasunaren edo klima aldaketaren ukazioak aztertuko ditu, besteak beste. Filosofia ez da ikasle askoren aukera unibertsitatera iristean. Arbizuk argi izan zuen, ordea, eta gradua atera bakarrik ez, doktore tesia ere egingo du, EHUk emandako beka bati esker. Hasi berria da lan horretan.
Zer da filosofia? Institutuko ikasketen erreferentzia soilik dute askok.
Institutuan filosofiaren historia bakarrik ikasten da, autore esanguratsuenak, eta ideia edo pentsamendu nagusiak bakarrik ukitzen dira. Baina hortik harago, filosofiak balio du guztioi axola zaizkigun gaien inguruan hausnartzeko, eta ziurtzat jo eta polemika sortzen duten gaien inguruan pentsatzeko tresnak ematen dizkigun diziplina da.
Zergatik erabaki zenuen zuk hori ikastea?
Hasieran kimika ikasteko asmoa izan nuen, baina gaiak hausnartzea gustatzen zitzaidan, irakurtzea… kritikoa nintzen, eta filosofian hori aurkituko nuela pentsatu nuen.
Eta aurkitu zenuen?
Bai, nik uste dut azkenean ondo aukeratu nuela.
Zer ikasi zenuen?
Lau ikasturte dira. Lehen bi urteetan oso oinarrizko gaiak ukitzen dira, Platon, Kant, Aristoteles… Gero gai zehatzagoak ikertzera pasa ginen, zientziaren filosofia egitera: zer da zientzia, nork aukeratzen duen zientzian zer landu behar den, eta horrelakoak. Beste gai batzuk ere landu genituen, zehatzagoak, guretzat interes handiagoa dutenak, abortuarena adibidez.
Karrera amaituta, zein da irtenbidea?
Bi aukera daudela esango nuke, irakasle izatea edo ikerketa, doktoretza eginda. Nik doktoretza egitea aukeratu dut.
Eta gaia negazionismo zientifikoa da. Zergatik?
Hirugarren mailan praktikak egin nituen Elhuyar Fundazioan. Niri zientzien filosofia gustatzen zitzaidanez, Elhuyarrekoa aukera paregabea iruditu zitzaidan lana nola egiten duten ezagutzeko, dibulgazioa nola egiten duten ikasteko… Pandemia ondorengo garaia zen, eta orduan pil-pilean zegoen pandemia hori ukatzen zutenen mugimendua, beste garai batzuetan indar handia izan zuen negazionismoa berpizten ari zen. Hura ikusita, eta Elhuyarreko Ana Galarragak bultzatuta, gaia ikertzea pentsatu nuen.
Zer da negazionismo zientifikoa?
Nik definituko nuke esanez adostasun zientifikoa duten gaiak modu iraunkor eta sistematiko batean ukatzea dela, modu antolatuan gainera. Ez da ukazio puntual bat, baizik eta denboran zehar irauten duena, eta antolatuta dago, modu ideologikoan.
Zein edo zer dago horren atzean?
Horixe da gakoa. Egon daitezke faktore desberdinak. Aipatzen dira faktore sozialak edo kolektiboak, esaterako txertoen eraginkortasuna ukatzen dutenek aurkitzen dute babesa mundu ikuskera bera duten pertsonetan, eta sentitzen dira mugimendu baten parte. Baina atzean egon daitezke ere interes pragmatikoak edo ekonomikoak. Klima aldaketa ukatzen duenak, adibidez, hori ukatu nahi du jarraitzeko bere lantegiarekin, edo petrolioa ateratzen, edo dena delakoa. Eta faktore psikologikoak ere badaude. Psikologoek esaten dute badugula joera bat beti azalpen errazenera joateko, edo hainbeste hausnarketa edo hainbeste pentsatzea eskatzen duten teoriak edo ideiak alde batera utzi eta erantzun azkarretara jotzeko. Errazena askotan ukatzea da, arrazoiak bilatzen hastea baino, zoritxarrez.
Hiru faktore daude orduan, negazionismoaren atzean.
Bai, soziala, psikologikoa eta ekonomikoa. Eta politikoa ere bai.
Politika aipatu duzu. Gobernuek bultzatzen al dute negazionismoa?
Nik esango nuke baietz. Adibidez, VOXek dituen gobernuetan genero indarkeria jasan duten emakumeentzako diru laguntzak kentzen ari dira…
Eta hori negazionismoa da?
Nire ustez bai, ez agian esplizituki egiten dena, baina azkenean, indarkeria matxista pairatzen dutenei kentzen badiezu laguntza hori, ari zara modu batean esatean ez dela laguntza hori behar, ez dagoelako indarkeria mota hori. Sakonean, badago pentsamendu negazionista hor.
Klima aldaketa, txertoen eragina, pandemia, indarkeria matxista… gai horiez gain, zer gehiago ukatzen da?
Ukatzen da garaian garaikoa, unean bizi dena. Holokaustoa gertatu izana ukatzea hartzen da historikoki negazionismoaren sorreratzat, eta horren ondoren, etorri ziren beste ukazio batzuk historian zehar: Bigarren Munduko Gerrako hainbat gertakarirena, tabakoak minbizia eragiten zuela ukatu zuten gero batez ere Estatu Batuetan, gero klima aldaketaren gaia etorri zen, txertoak autismoa eragiten zuela esaten hasi ziren ondoren, pandemia… Momentuan bizitzen dena ukatzen dute.
Eta orain, zer ari dira ukatzen?
Oraintxe ez dago ezer pil-pilean, baina esan behar da pandemiaren eraginez berriz sortu dela txertoen eraginkortasunaren inguruko eztabaida, eta indarkeria matxistarena ere hor dago…
Zein da mezu negazionista horiek zabaltzeko bidea?
Sare sozialak batez ere. Negazionismoaren tresna bat dira. Hor ez dago mugarik. Txio bat idazten duzu, hori zabaltzen doa… eta zenbat eta astakeria handiagoa esan, orduan eta indar gehiago dauka.
Eta garai batean, holokaustoarena adibidez, nola zabaldu zuten?
Propaganda politikoaren bidez, eta prentsaren bidez, kazetarien bidez.
Gai horiek guztiak, nola kokatu behar dituzu zure lanean?
Lehenengo negazionismoak zer esan nahi duen ondo zehaztuko dut. Askotan sasi zientzien inguruan ere hitz egiten da, eta kontzeptuak nahastu egiten dira, gauza asko sartzen dira zaku berean, eta dena ez da negazionismoa. Behin definizioa zehaztuta, negazionistek erabiltzen dituzten kontzeptuak landuko ditut, egia edo zientzia bezala, eta interes jakin batzuen alde nola desitxuratzen dituzten aztertu. Negazionismo motak ere jasoko ditut. Eta nola eta zergatik sortu zen ere bai. Eta sare sozialetan mezu negazionista batekin topo egiten badugu, nola jokatu behar dugun ere aztertuko dut, hau da, aurre egin behar diogun, blokeatu, zabaldu…
Eta nola jokatu behar dugu?
Zabaldu egiten badugu, mezu horri babesa ematen diogu, edo gutxienez, eztabaidari aurrera egiteko bidea ematen diogu. Baina agian merezi du mezu horri erantzutea, ez mezua zabaldu duenari iritziz aldarazteko, baina bai mezua helduko zaion pertsonari zalantzak sortarazteko, edo jakinarazteko mezu negazionista baten aurrean dagoela. Eztabaida jator bat sortzea egokia ikusten dut, azken finean, negazionistek ukatzen dituzten gaiak denon interesekoak dira, denok ukitzen gaituzten gaiak dira, pandemia garaian txertoa jartzearena edo ez jartzearena bezala.
Izan ere, mezu negazionista guztiek ondorio bat dute.
Bai. Pandemiako txertoaren kasuan, adibidez, batzuk txertoa ez jartzea dakar, eta horren ondorioz, pandemia ezin gelditzea etorri daiteke.
Zenbat denbora duzu gai hau aztertzeko?
Doktoretza lau urtekoa da, eta ni hasi besterik ez naiz egin, maiatza bukaeran hasi nintzen. Momentuz, karta guztiak mahai gainean jartzen ari naiz, eta poliki-poliki joango naiz lana egituratzen. Fakultatean dut nire txokoa, eta han egiten dut lan, nire tesi zuzendari den Agustin Arrietaren orientabideei jarraituz.
Nondik ari zara informazioa jasotzen?
Tamalez euskaraz ez dago asko idatzita gaiaren inguruan, Agustin Arrietak bere argitalpenetan landutako atal batzuk eta beste lan txiki batzuk kenduta. Bestela, autore ingelesen edo estatubatuarren lanak ari naiz irakurtzen, artikulu dezente daude 2015etik hona idatzitakoak.
Eta zein izango da tesiaren emaitza?
Normalean orri pila bat dituen liburukote bat idazten da, eta tribunal baten aurrean defendatu… Gero, ba euskaraz gai horren inguruan ezer gutxi idatzita dagoenez, izan daiteke proiektu polit bat nire lan hori argitaratzea. ■