Orain arte historian ezagutu dugun belarririk ezagunena Van Gogh-ena izan bada ere, konpetentzia egingo dion belarri berri bat dugu gure artean: Trump presidentearena. Harrigarria da nola herrialde, mugimendu edo lehia baten aldarri bihur daitekeen horrelako gauza bakun bat.
Belarria hain protagonista izan ez bada ere, gorputza eta gorputz atal desberdinak asko landu izan dira artearen munduan. Batez ere, esku zein oinen inguruko sinbologia ugari aurki dezakegu. Eskuen keinuek esanahi desberdinak izan ditzakete kolokazio eta itxuraren arabera: erregua, agurra edo deia, esaterako. Atal horiek errepresentatzeko moduan, artista bakoitzaren estiloa ere antzeman dezakegu. El Greco margolariaren kasuan, esaterako, esku estilizatu, luze eta finak dira bere ezaugarri nagusiak, Eskua bularrean duen zalduna koadroan ikus daitekeen bezala. Miguel Angel-en Adanen kreazioan agertzen direnak ere aski ezagunak dira: bi esku, elkarrengandik gertu baina ukitzera iritsi gabe.
Eskuekin eta horien keinuekin jarraituz, berriro ere Trumpen gertakaria datorkit burura, hain zuzen ere, tiroaren ostean ukabila goratu zuen momentua. Bada Delacroix-ren Askatasuna, herriaren gidari koadroarekin alderatu duenik ere, bularraren ordez, ukabila eta, nola ez, belarria protagonista izanik. Borrokarako grina eta garaipena errepresentatzen dituela esan genezake. Dagoeneko, bere jarraitzaile askok tatuatu dute presidentearen estanpa azalean, maisulan bat izango balitz bezala. Antza denez, heroi bilakatu da Trump. Nork daki, agian presidentearen irudia eta belarria artearen munduan sartuko dira, Van Gogh-en antzera; edota hemendik gutxira, Trumpen belarria izeneko musika talderen bat ere izango dugu gure artean. ■