Goierriko Enpresen Lehiakortasuna Bultzatzeko Ibilbide Zirkularra (GELBIZ) egitasmoan tamaina eta sektore ezberdinetako bost enpresa pilotu hasi dira parte hartzen, Goierrik lehiakortasun zirkularraren arloan duen egoera eta perspektiba aztertzeko.
Labe Lan, Mecanizados Lami, Goierriko Herrien Ekintza Fundazioa, Goilaser eta Mikra Recubrimientos dira GELBIZ proiektuaren lehen hurbilketarako aukeratuak izan diren enpresak. Egitasmo horrek enpresen lehiakortasunean eragin dezaketen estrategia zirkularrei buruzko ibilbidea eta ikerketa izan nahi du, epe labur, ertain eta luzerako lan esparru kontzeptual bat sortzeko. Joan den ostiralean egin zen lehen aurkezpen saioa Goiekiren egoitzan, Naider aholkularitza enpresak gidatuta.
GELBIZen sorkuntzak Naiderren analisi-lana eta Goierriko enpresen partaidetza-lana uztartuko ditu. Ikuspegi horrek eskualdearen lehiakortasuna bultzatzeko ekonomia zirkularreko estrategian eta tresnen aplikazioan sakontzeko aukera emango du. «Prozesuan zehar, Goierrik lehiakortasun zirkularraren arloan duen egoera eta perspektiba aztertuko ditugu, eta Goieki lehiakortasun iraunkorrean eta zirkularrean eragile aitzindari kokatuko duten balio-proposamenak azaleratuko ditu», nabarmendu du Naiderreko Haizea Agirrek.
Proiektua garatzeko orduan Goierriko eta Euskal Autonomia Erkidegoko testuinguru sozioekonomikoa, ingurumenekoa eta soziala hartuko dituzte kontuan, bai eta aldez aurretik egindako dinamikak ere, «ahaleginak aprobetxatu eta biderkatzeko». Naiderrek berezkoa duen CICLO metodologia aplikatuko du eta espezialista talde bat jarriko du proiektuaren zerbitzura, «eskualdearen lehiakortasun iraunkorrari eta proiektuak enpresaren garapenean duen eraginari buruzko azterketa eta hausnarketa gidatzeko».
Proiektu honek 2025eko maiatzaren 31ra arte iraungo du, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Ihoberen 2023ko ETE Zirkularraren deialdiaren barruan dago.
Bost zeregin nagusi
Proiektuaren garapena ahalbidetzeko funtsezko bost zeregin nagusitan egituratuko da GELBIZ. Goierriko enpresentzat zirkulartasunean oinarritutako adimen lehiakorreko sistema bat ezartzea izango da lehena (Circular Intelligence). Bigarrena, Goierriko Ekonomia Zirkularraren Lehiakortasun Indizeari (CECI) buruzko adierazle eta datuen plataforma sortzea (Dashboard). 2025ean argitaratuko den Goierriko Ekonomia Zirkularraren Lehiakortasuna Txostena da hirugarrena. Laugarrena Ekintza plana eta jardueren sustapena (Ekin eta egin), eta bosgarrena eta azkena, komunikazioa, prestakuntza eta sentsibilizazio espezifikoa eskaintzea Goierriko enpresei (Ikaslab).
«Bost zeregin nagusi horiek lortzeko koordinazio orokorra eta etengabeko elkarrizketa izango da bitarteko eragileekin –Goieki– eta bost enpresekin, komunikazio eraginkorra eta inplementazio arrakastatsua ziurtatzeko», adierazi du Agirrek. Haren esanetan, Euskadiko Ekonomia Zirkularraren 2023erako Estrategia «erreferentziazko esparrua da» GELBIZentzat. Estrategia horrek hiru helburu nagusi ditu finkatuta: Produktibitate materiala %30 handitzea, materiak zirkularraren erabilera tasa %30 handitzea eta Barne Produktu Gordinaren (BPG) unitate bakoitzeko sortutako hondakinak %30 murriztea. «GELBIZ bat dator helburu horiekin, eta aukera ematen die enpresei kokatzeko, eta zirkulartasun osoa eta deskarbonizazio industriala lortzeko bidean aurrera egiteko».
Goierriren argazkia izateko helburua
Goiekiko Industria Arloko Xabier Perezen esanetan, Goierriko enpresek «zirkularitatea lantzeko aukera ona» izan dezaketelako erabaki dute proiektua martxan jartzea. «Oso epe motzean legediak enpresa guztiak derrigortuko ditu jasangarritasunaren bidean proiektuak eta ekintzak egitera, eta proiektu honekin legeari aurre hartu nahi diogu enpresek lanak burututa izan ditzaten».
Horrez gain, proiektuak duen «bailarako ikuspegiari» garrantzia berezia ematen dio «Talde pilotuko bost enpresenaz gain, beste hainbat enpresaren errealitatea aztertuko dugu Goierriko argazkia izateko. Hartara, lan lerroak definitu eta ekintza eta proiektu berriak lantzeko aukera izango dugu». Perez «ziur» dago enpresa askok «uste dutena baino lan gehiago egiten» dutela arlo honetan. «Etxeko lanak eginda izateak balio handia izango du». ■
GELBIZen hiru helburu nagusiak
- Lehia-autodiagnostikoa enpresentzat. GELBIZek beren lehia-egoeraren autodiagnostikoa emango die enpresei, zirkulartasunari eta deskarbonizazioari dagokienez, eta indarguneak eta hobetzeko aukerak identifikatzeko aukera emango die. Azterketa horrek enpresa-jardueraren funtsezko arloak bilduko ditu, eta egungo egoeraren ikuspegi argia eskainiko du, etorkizunean lehiakortasuna hobetzeko erabaki informatuak erraztuz.
- Enpresentzako prestakuntza-tresnak. GELBIZek, era betean, tresna bat emango dio Goiekiri enpresek zirkulartasuna, eta ondorioz, lehiakortasuna hobetzeko estrategia zehatzetan trebatzeko. Gainera, egungo estrategiei buruz hausnartzen eta egokitzapenik behar duten ebaluatzen lagunduko die enpresei.
- Enpresen beharrak eta arazoak identifikatzea. Proiektuak informazio baliotsua emango du Goierriko enpresen behar espezifikoei buruz, eta horri esker, aurre egin beharreko erronkak ulertu ahal izango dira eta politika publikoak eta enpresa estrategiak egokitu ahal izango dira zirkulartasunaren arloan.