Gaizka Oiartzabal • Tabernaria eta musikazalea
Pasatu dira Urretxuko jaiak, eta gogorrak bezain politak izan dira. Giro ederra sortu da eta, horrelakoetan, batek gustura egiten du lana. Iraila hasierako Tuk Smith eta Pettiren boloa ere hilabetea ondo hasteko modua izan ziren.
Oporretako buelta zein gogorra izaten den ikusita, garrantzitsua izaten da potente hastea. Animoak indartzeko eta erritmo onean hasteko ezinbestekoa. Eta behin jaiak pasata, urrira begira jarri behar. Urriaren 19an ospatzen baitugu ZZ Rock IIX.
Bertan izango ditugulako Bikustik, Anari, Pelax eta Penny Ikynger. Eta itxura ezin hobea dauka jaialdiak, rokanrolaz disfrutatzen jarraitzeko aukera ezin hobea eta, zortzigarren emanaldia izanik, guretzat ere berezia izango dena.
Beti bezala sarrerak eskuragarri dituzue, Motz tabernan, Entradium-en, eta egunean bertan, karpan erosteko aukera ere izango da. Bazkide izateagatik merkeago izango duzuela ere kontuan hartu. Eta ibili bizkor, gero negar egitea alperrik izaten da eta.
Eta egon lasai. Behin ZZ Rock IIX-a pasatuta ere, baditugu beste pare bat kontu prestatuta. Batzuk Motz tabernan egin behar ziren debekua eta isuna iritsi aurretik, eta kalean egitea beste aukerarik ez dugu. Beste batzuk, aldiz, ZZ Rock-era etorri behar ziren. Azkenik arrazoi batengatik edo bestegatik etorri ezin izan duen baten bat ere badago. Beraz, egongo da oraindik musikaz gozatzeko aukera eta parada.
Eta ondoren bai, agur esango diogu denboraldiari. Negua epelean pasatzera joango gara. Musika entzuten jarraituko dugu, ideia zaharrak eta berriak nahasten eta hurrengo urtean zer egingo dugun pentsatzen hasiko gara.
Beraz, garbi dugu. Guk gurean jarraituko dugu. Musikaz gozatzen, musikarekin gozatzen eta lagun artean momentu horiek elkarbanatzen. Apirilaren 19an ikusiko gara. ■