Lehen sektorean ekin nahi duten pertsonak errelebo bila dabiltzan ustiategiekin lotzen dituen proiektua da Trebatu. Programa horrek irtenbidea eman nahi dio lehen sektorean dagoen belaunaldi-errelebo ezari.
Lehen sektorean beren proiektu profesionala garatu nahi duten ekintzaileei zuzendutako Trebatu programa aurkeztu dute asteon. Proiektu horren helburu nagusia da belaunaldien arteko errelebo ezari aurre egitea. Programa horrek lehen sektorean ekin nahi duten pertsonak errelebo bila dabiltzan ustiategiekin lotzen ditu. Horrela, Trebatuk lehen sektorea indartu nahi du, tokiko elikagaien ekoizpena bultzatuz eta sektorearen epe luzerako bideragarritasuna bermatuz.
Ekimena hainbat erakunderen arteko elkarlanaren emaitza da: Landaola, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Lurgintza, Abelur, Elika Fundazioa, Hazi, Lanbide, Etorlur eta Fraisoro Eskola. «Gero eta ustiategi gutxiago ditugu Gipuzkoan. Honen arrazoi nagusia da ustiategiek euren jarduerekin jarraituko duenik ez dutela. Trebatu proiektuarekin egoera horri buelta bat eman nahi diogu, lehen sektorean ekin nahi duten pertsonak errelebo bila dabiltzan ustiategiekin lotuz», adierazi du Eneko Maioz Landaolako lehendakariak.
Trebalariak eta Trebatze-guneak
Trebatu proiektuak lehen sektorean beren proiektu profesionala garatu nahi duten ekintzaileei –Trebalariak–, bi urtez, beren ideia edo proiektua frogatu eta garatzeko aukera ematen die nekazaritza lanean aritzeko guneetan –Trebatze guneak–. Eredu honek aukera ematen die lehen sektoreko profesional berriei jada ezarrita dauden ustiategietan euren proiektuak probatzeko. Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak nabarmendu du Trebatu funtsezko proiektua dela Gipuzkoako lehen sektorea biziberritzeko: «Gipuzkoako ustiategiei erreleboa emango dieten gazteak behar ditugu, eta horretarako, aukera berriak eskaini behar dizkiegu eta bidelagun izan. Trebatuk pertsona berriak ekarriko ditu sektorera, egungo ustiategiei erreleboa emanez eta Gipuzkoako lehen sektorea indartuz».
Trebatu proiektuaren zutabe nagusietako bat Trebalariek jasotzen duten formakuntza integrala da. Programak prestakuntza teorikoa eta praktikoa uztartzen ditu, eta horrek bermatzen du ekintzaileek euren proiektuak garatzeko beharrezko ezagutza tekniko eta praktikoak eskuratzea. Horri esker, Trebalariak lehen egunetik prest egongo dira lehen sektoreko erronkei aurre egiteko. «Trebatuk laguntza handia eman dit nire proiektu profesionala garatu ahal izateko. Alde batetik lursaila eskaini dit beharrezko landaketak egin ahal izateko, eta, bestetik, formakuntza teoriko-praktikoa eskaini dit. Nire ustez, prestakuntza beharrezkoa da nire proiektuari ekin ahal izateko», uste du Usoa Zilbetik, Trebatu programako Trebalarietako batek.
Zortzi parte-hartzaile oraingoz
Lehen edizio honek zortzi Trebalari ditu, eta dagoeneko lanean dabiltza beren proiektuak garatzen Gipuzkoako hainbat ustiategitan; hala nola, Bidania-Goiatzen, Oiartzunen, Amasa-Villabonan, Astigarragan, Bergaran eta Irunen. Ekintzaile horiek azpisektore desberdinetako proiektuak dituzte: Haragitako behiak, esnetarako behiak, lore ekologikoen ekoizpena, hegazti-hazkuntza, frutagintza eta baratzezaintza. Aniztasun horri esker, Trebatuk, belaunaldien arteko errelebo ezari irtenbideak eskaintzeaz gain, tokiko ekoizpena bultzatzen du, garapen jasangarria bultzatuz. ■
Azaroaren 6an Goizanen aurkeztuko dute Trebatu
Landaolak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak azaroaren 6an aurkeztu dute Trebatu programa Goierrin. Zaldibiako Goizane eraikinean izango da, 11:30ean. Gaiari buruzko informazio zehatzagoa nahi duten Goierriko Trebalari edo Trebatze-Gune berrientzat zuzendutako saioa izango da.
Lehen sektorean ekiteko interesa duten pertsonek edo belaunaldi-erreleboaren bidez euren ustiategiei jarraipena eman nahi dieten pertsonek, Trebatu programarekin harremanetan jar daitezke trebatu@landaola.eus posta elektronikoaren bidez edo 747 473 409 telefono-zenbakira deituz. Informazio gehiagorako webgune ofiziala bisitatu dezakete: trebatu.eus.