Jon Eskisabel • Musikazalea
Ataun aukeratu du Pettik zuzeneko diskoaren grabazioetako bat egiteko. Mende laurdena pasa da Amets bat lehen diskoa kaleratu zuenetik, eta ibilbide horretan harreman polita sortu da herriaren eta kantariaren artean. Taldearekin, bakarka zein Balerdi Balerdirekin, Herri Antzokian zein Troskaeta tabernan, maiz izan da Petti otsoen artean, eta beti denak gustura. Bere kantuetako batean Joxean Artzeren hitzez dioena aplika daiteke hemen: «emaile ona ez da inoiz emateaz eta emateaz aspertzen / hartzaile onak egiten du emaile ona, emanez eskertzen baitu hartu duena».
Etxeko Uzta taldeko kideez inguraturik agertu zen Petti aurreko ostiraleko hitzordura, antzokiko eserleku gehienak beterik zeudela, bertakoez ez ezik Iruñea, Arrasate edota Ondarroatik etorritako lagunez. Igor eta Iñigo Telletxea anaiak (bateria eta baxua, hurrenez hurren) eta Joseba Irazoki (gitarra) hastapenetatik izan ditu alboan -Neil Youngen Crazy Horseren euskal bertsioa, nolabait-, eta diskoaren grabaziorako Ruben Caballero (gitarra) eta Estitxu eta Jokin Pinatxo (ahotsak) batu zitzaizkien. Amultsu ekin zioten saioari, Zaldi emozionalak-en kiribil soul-blueseroarekin, baina berehala gitarren zirimola batean barneratu gintuzten. Izan ere, zuzeneko hirugarren disko honetarako -bi akustiko ditu aurretik grabatuak Bonberenean- ale rockeroenak aukeratu ditu Pettik, Etxeko uzta (2002) eta Hotzikarak (2016) diskoetakoak bereziki. Hortaz, Hitz jarioa klasikoa, Ziztak irauli -Palestinako herriari eskainia-, Iraganaren putzuan, Nazkatuta -Jokin Pinatxoren ahots moldaketa bereziarekin-, Eroriko naiz, Bi bide edota Amaiera -Estitxu Pinatxok epikotasuna areagotu zion- dastatu genituen enegarrenez. Baita beste klasiko batzuk ere, Erramurik gabeko gauak edota Argia heldu da, kasu.
Behetik gorantz egin zuen emanaldiak, taldea gero eta sueltoago eta entzuleak gero eta beroago, soinu lodi bikaina lagun. Zeure begia, haien zizare loureedzalean Irazoki eta Caballeroren gitarren arteko elkarrizketak -edo lehiak?- biribildu zuen kontzertua, entzuleek zutunik musikariak agurtu aurretik. Une gozoan da Petti, garai batean musika alde batera utzi nahi izatera eraman zuen beheraldia ahaztuta.
Aitor dut: ez ditut asko maite zuzeneko diskoak, baina hau salbuespena izango delakoan nago. ■