Mattin Intxaustik (Idiazabal, 1996) Aita Iparragirre, Loinazpe eta Txindoki ikastetxeetan ikasi zuen eta ondoren Gasteizera joan zen Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua egitera. Irakaskuntza masterra eta irakasle ikasketak egin zituen ondoren. Lanari dagokionez, taberna askotan lan egin du, sorosle lanetan ere aritu da, eskola kirolean epaile izan da eta aurkezle lanetan aritzen da. Hiru urte daramatza irakasle lanetan: Irurtzunen, Atarrabian eta Iruñean, eskola publikoetan. Egun, euskara eskolak ematen ditu Iruñeko Julio Caro Baroja ikastetxean.
Ze zaletasun dituzu?
Irakurtzea, kirola egitea, lagunekin eta bikotearekin egotea, hitzaldietara joatea… tipo mugitua naiz.
Pelikula edo telesail bat.
Atzo oso dokumental ona ikusi nuen: Gazari buruzkoa da eta Al Jazeera-k egin du.
Musika talde bat.
Bake Faltsua talde ordiziarra.
Abesti bat.
Ekidaren Ze aldetan zaude?
Liburu bat.
Alexander Bogdanov-en Estrella Roja.
Kolore bat.
Gorria.
Zer gosaltzeko ohitura duzu?
Oloa, fruitu lehorrak, eztia, esnea eta ura nahastuta. Batzuetan ogi txigortua ere bai.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
2024ko maiatzaren 1a. Mugimendu Sozialistan nabil eta Bilbon egin genuen manifestazioan jende asko elkartu ginen eta itxaropenerako giroa sentitu nuen.
Inoiz egin dizuten opari bereziena.
Arrebak oparitutako xake taula.
Amets bat.
Klaserik eta zapalkuntzarik gabeko gizarte komunista batean bizitzea.
Goierriko txoko bat.
Dominika txabola.
Idiazabalen biziko ez bazina…
Goierriko beste herri batean. Legazpin, beharbada. Etxeen prezioa ikusita, eskuragarriena da. ■