Partaide bakoitzak arropak maletan sartu eta herriko plazan alde batetik bestera korrikan maletarekin, hau ireki eta arropa bat jantzi eta beste aldera iristean berriro maletatik beste arropa bat atera eta jantzi, eta horrela jarraian arropa denak jantzi arte, banan-banan eta korrika. Lehendabizikoak bukatzean, arropa denak jantzita, hura irabazle.
Hori izaten zen Idiazabalgo San Blas jaien barruan garai batean egin ohi zen maleta karreraren funtzionamendua. Bakoitzak bere maleta eta arropak etxetik eramaten zituen, plazan karreran ongi pasatzeko asmoz. Argazkia 1963ko festetakoa da. Anita Insausti, Mari Tere Urkia, Arantxa Urkia eta ni neu agertzen gara, eta gure atzean, Marcelo Aranburu garai hartako aguazila eta herriko jendea begira. Ohikoa zen maleta karrera, bai sanblasetan, eta baita beste ospakizun egun batzuetan ere. Zinta karrera ere egin ohi zen; zintzilik jartzen ziren uztai batzuk hartu behar ziren bizikleta gainean zindoazela.
Sokatiran ere ibili izan nintzen, eta Herri Gaztedi mugimenduan. Kristautasuna eta marxismoa uztartzen saiatzen ziren bertan, gazteokin ekintza ezberdinak eginez. A ze garaiak! ■