Nekane Gonzalez • Leegazpi
Gure amonaren txabola izan da hori azken urte mordoxka batean. Hainbat animalia izaten zituen: oiloak, oilaskoak, konejuak, txakurrak, katuak… Txakurrak ziren izen propioa zuten bakarrak: Ricky, Argi, Hodei… Katuei ‘mixina’ esaten genien. Eta oiloak gobernatzeko eskoba kirtena erabiltzen genuen: «Pita-pita… horra ez!», baldin eta pasatzen ziren auto bakanek oiloak harrapatzeko arriskua ikusten bagenuen.
Nire haurtzaroa lotzen dut txabola horrekin. Alaba bakarra izaki, hango ‘laguntxoekin’ ibiltzen nintzen. Ikastolatik atera, eta arratsalde ugari pasatzen nituen ogitartekoaren zatitxoak animaliei botatzen, eta jolasean: «Argi, baietz ni lehenago iritsi!», eta han hasten ginen korrika. Txakurrak tarteka aurrera, baina gehienetan niri begira egiten zuen lasterka, eta helmuga beti nik baino lehenago zeharkatuagatik… «Enpate, e?», esaten nion.
Orain, pentsatzen jarrita, txakurrak askoz abantaila handiagoa ez ateratzeak harritzen nau, eta amona imajinatzen dut txakurrari «Argi, zaindu ezak umea, jainkoaren izenean!» esaka. Zimikoa bihotzean.
Usainekin lotzen dut tokia. Han erretzen baikenituen piperrak, gero potean sartzeko, eta tomatea ere han egiten genuen. Horrelakoetan, egun osoa igarotzen genuen txabolan, asteburuz, ateri izango zela iragartzen zutenean. Gurasoak, osaba-izebak, amona eta neu. Amak oilasko errea eramaten zuen kazolan, eta hango suan berotzen genuen. Patata tortilla, berriz, egin berria jaten genuen.
Abenduan egingo du urtea amona joan zela, 102 udazken on bizi ondoren. Eta dagoeneko ez daukagu txabola.
Oraintsu, ordea, Korosti Trail mendi lasterketa egin da Legazpin. Parte hartzaile ugari izan ziren probetan, tartean legazpiarrak, gaztetxoak asko eta asko. Eta haien arteko elkarrizketa: «Pistatik, gero halako bidetik, Feliparen txabolatik pasa, eta…». Seguru ez dakitela zergatik duen izen hori, edo nor zen Felipa ere. Baina, dirudienez, izendapena orokortu samartuta dago gurean.
Amona bera etxekoon oroitzapenean geratu da, eta sobra ere, haren izena Legazpiko tokien iruditerian. Hori jakiteak barruak mugiarazi dizkit. Zimikoa, berriz ere, bihotzean. ■