Sandra Rodriguezek (Zumarraga, 1995) La Salle-Legazpi ikastetxean egin zituen oinarrizko ikasketak. Ondoren, Turismo gradua ikasi zuen Madrilgo Complutense unibertsitatean eta Animazio Soziokulturala eta Turistikoa Hernanin. Nafarroako Igantzi herriko IrriSarri Land abentura parkean eta GSR enpresaren adinekoen egoitzetan lan egin du, besteak beste. Iaz, Kotoi denda ireki zuen Urretxuko Labeaga kalean. Bertan, animazio mundua eta paper-denda uztartzen ditu eta haurrentzako eskulan ikastaroak antolatzen ditu.
Ze zaletasun dituzu?
Artea, dantza eta zinea.
Pelikula edo telesail bat.
Harry Potterren eta Disneyren pelikulak gustatzen zaizkit. Fantasiazko zinea atsegin dut.
Liburu bat.
Harry Potterrenak.
Musika talde edo abeslari bat.
Lewis Capaldi. Eskoziarra da. Pop musika egiten du.
Abesti bat.
Celine Dion abeslariaren That’s the way it is.
Oporretarako toki bat.
Edinburgo (Eskozia). Erasmus bertan egin nuen. Ondoren, oporretan itzuli naiz. Oso toki ederra da eta eskoziarrak oso jatorrak dira. Euskaldunen antza dute.
Zer gosaltzen duzu?
Kafesnea, ogi txigortua eta laranja zukua.
Kolore bat.
Marroia.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Nire iloba jaio zen eguna. Olaia du izena eta bi urte egin behar ditu aurki.
Jaso duzun opari bereziena?
Erretratu bat. Bertan nire txakurra eta biok azaltzen gara. Marrazki itxura duen erretratua da. Saioa Andres lagunak oparitu zidan.
Amets bat.
Aitaren ametsa betez, berarekin Panpara (Argentina) joatea. Bertara ehizatzera joango litzatekeela esaten du askotan.
Bizitzako plazer txiki bat.
Abestea eta barre egitea. Toki guztietan abesten dut: etxean, dendan… Beharbada ez dut oso ondo abesten, baina hori ez da garrantzitsuena.
Goierriko txoko bat.
Irimo.
Urretxun biziko ez bazina?
Ingalaterrako cottage batean. ■