Hogeita hamar urte egitera doa Legorretako udaletxe berria. 1995ean inauguratu zuten, aurretik orube hartan zeuden udaletxe zaharra eta serora-etxea bota, behetik gora eraikin berri-berria altxatuta. Aurten hil den Koldobika Jauregi Zinkunegi (Alkiza, 1959–2024) eskultoreak ezarri zion etxe berriari nortasun zigilua: balkoia.
Baserriaren barneko zuhaitza du izena Jauregiren artelanak. Lasturko harri beltzaren gainean muntatutako haritz zurezko piezekin osatuta dago. Zuhaitza irudikatzeaz gain, udaletxeko balkoi nagusia ixten du.
Bere garaian oso polemikoa izan zen herrian artelan hori. Oro har, udaletxearen eraikin osoak hautsi zizkion askori ordura arteko eskemak. Iñaki Albisu arkitektoak diseinatu zuen eraikina, EHUren Arkitektura fakultateko irakaslea ere bazena. Hura jarri zen hartu-emanean Koldobika Jauregirekin, balkoirako eskultura diseina zezan.
Legorretako alkate, ofizialki, Joxe Inazio Iturriotz zen, baina gaixorik zegoelako, Joxe Ramon Mugertza zen jarduneko alkatea. Biak hilak dira. 1995eko irailaren 30ean inauguratu zuten udaletxe berria. Udalbatzan bozkatu egin behar izan zuten Albisuk aurkeztutako proiektua, maketa ikusi ondoren. Tolosaldeko Alegiako udaletxea eredutzat hartzeko ere aholkatu zioten, haren berdina proiektatzeko: teilatua bi uretara, simetrikoa eta balkoiarekin. Eraikin modernoagoa ideiatu zuen, bistan denez.
Jauregiren obra
Modernismoaren ginga Jauregiren balkoi-eskultura izan zen. Herritar askok kritikatu eta errefusatu zuten hasiera haietan, eta ez zuten onartu. Gaur egun, Legorretaren ikurra da.
Hurrengo urteko festetan, 1996an, Mugertza alkatea konturatu zen ikurrina zintzilikatzeko ere ez zegoela ezer balkoi berrian. Jauregi eskultoreari komentatu zioten, eta berehala ebatzi zuen: ez zuen bere obran ezer aldatuko. «Hartzeko ikurrinak eta bandera guztiak eta joateko haizea hartzera», izan zen eskultorearen erantzuna, orduan udaletxean zegoen batek gogoratu duenez. Nortasun handikoa bai, baina jenio bizikoa ere bazen.
Artelanaren jabe intelektuala artista denez, bere horretan geratu zen balkoia. Horregatik, gaur egun oraindik ganbaratik zintzilikatzen dituzte ikurrina eta herriko bandera, festetan.
Legorretako udaletxeko Baserriaren barneko zuhaitza eskulturaz gain, Goierrin artelan gehiago baditu Koldobika Jauregik. Idiazabalen, hango udalarentzat Zalduna egin zuen (1999), eta Ordizian Urdanetari omenaldia (2007), udalaren enkarguz. Gabirian, etxe partikular baten barruan harrizko eskultura handi bat ere eraiki zuen, 2006an. ■