Natura eta sendabelarrak lotailu bezala hartu, eta pertsonen osasuna eta ongizatea hobetzeko helburua du Onik proiektuak. Lehen urratsak eginda, datorren urtean sendotuko da. Lazkaoko baserri zaharberritu bat eta haren bueltako natur eremua izango da Ainitze Sala Insausti (Lazkao, 1981) ontzen ari den Onik proiektuaren mundua. Hiru ardatz nagusi ditu egitasmoak, eta eragile hainbaten arteko elkarlana motore.
Zein da Onik proiektuaren sorburua?
Ibilbide nahiko luzea daramat lan munduan, batez ere lehen sektoreari lotuta Iztueta baserrian. Naturarekiko harreman hori bizi izan dut etxean, baina zerbait ezberdina egiteko gogoa neukan. Aukera sortu zaidanean, eta urtetako esperientzia hori guztia hartuta, nire buruarekin ziurtasun hori lortuta, eta jakintza batzuk izanda eta etxekoen babesarekin erabaki nuen pauso hori ematea. Onik proiektua sortzeko bidean gabiltza oraintxe. Sortu da pertsonen osasuna eta ongizatea hobetzeko helburuarekin, naturari eta sendabelarrei lotuta batez ere.
Zer da zehazki fitoterapia?
Fitoterapiako ikasketak ditut, eta egia da, askotan, ez dela jakiten fitoterapia zer den: sendabelarren zientzia da. Sendabelarrek edo landareek printzipio aktibo asko dituzte, eta horiek sendagaiak ere badira, gaur egungo sendagai askoren oinarriak dira. Hori hartuta eta naturarekiko lotuta hori hartuta, horrelako mundu bat sortzeko asmoa daukagu.
Nola abiatzen da bat horrelako proiektu batean? Zer aholkularitza izan duzu?
Etxekoen babesa eta elkarlana hor daude, baina horrez gain, administrazioan ere laguntza bila dezakezu. Nik Goimenekin urte askotako harremana daukat, eta proiektu berri honen inguruan hitz egitera joan nintzenean, laguntzak nola lor nintzakeen eta ekintzaileentzako Leader proiektuaz aritu zitzaizkidan. Eta Goiekin ere asko lagundu didate proiektuaren bideragarritasunaren inguruan.
Elkarlana aipatu duzu…
Proiektuaren gakoetako bat elkarlana izango da, hori izango da zutabeetako bat, aditu ezberdinekin elkarlanean aritzea. Adibidez, oraintxe bertan urmael bat sortu dugu Beiztinberri –Begiristain berri– baserrian, Lazkaon, baserri hori izango da proiektuaren etxea, eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin egin dugu elkarlana. Gure helburua ere bada naturaren bioaniztasuna bermatzea. Hortaz gain, Fraisoron sendabelarrei buruzko formakuntzak ematen aritzen naiz, udaletxeetan, ikastetxeetan…
Eta zein momentutan dago Onik proiektua gaurko egunean?
Onik proiektuak alor ezberdinak ditu. Alde batetik, Onik mundua daukagu, pertsonen ongizate eta osasunari begira. Hor hiru zutabe nagusi dauzkagu irudikatuta. Bat, Beiztinberri baserria, hori izango da naturaren eta gizakien arteko sinbiosi espazioa. Baso jangarri bat sortu dugu, baratzea bat ere bai, dena ekologikoan, gerora bisita leku izango dena. Bigarren zutabea ni izango naiz. Formakuntzak ematen hasia nago, eta helburua da baserria bertan ematen hastea. Eta hirugarrena izango da produktuen sorkuntza.
Sendabelarrekin sortutako produktuez ari zara?
Oraintxe ari gara, eta Leartikerrekin batera egiteko asmoa dugu. Oinarrian sendabelarrak edukiko dituzte, baina askoz ere gehiago ezin dut esan, sorkuntza bidean gaudelako, eta aditu ezberdinekin batera ari garelako hizketan. Bai esan dezakedana da sendabelar maiteenetako bat daukaguna intsusa dela, denerako balio duen sendabelar bat da, erabat ahaztua… Gure gizartea iritsi da une batera non ezagutzen ez duguna ikusi ere ez dugula egiten, eta hori aldatu behar dugula uste dut.
Lege aldetik, zein da sendabelarrak erabili eta komertzializatzeko egoera?
Osasun sailarekin ari gara elkarlanean. Kasu honetan Europatik legedi bat badago, zehazten duena zer sendabelar landu daitezkeen, zein ez, eta azkenean gure asmoa da baita ere, modu erakargarri batean eta inolako konfrontaziotan sartu gabe, sendabelar horiek ezagutzera ematea. Elikadura-osagarriak izango lirateke gure produktuak, ez sendagaiak. Oso kontuz ibili beharra daukagu kontzeptu horiekin denekin, oso merkatu konplexua baitago hor.
Komertzializatzeko asmoa baduzu?
Niretzat oso kontzeptu garrantzitsua izango da prebentzioa eta autoezagutza. Daramagun bizimoduari begiratu behar diogu, autoezagutza horri, entzutea nola gauden, eta ezagutza horretan sendabelarrak mahai gainera ekarri, gurean oso-oso erabiliak izan baitira. Gure produktuak sortzeko garaian, bi alor handi uztartzea da asmoa: alde batetik, betiko jakintza tradizionala –Europan ere badaude elkarte ezberdinak fitoterapian dabiltzanak– eta bestetik, eginda dagoen lan zientifiko handia oinarri hartuta, ikerketa sakon bat egitea. Bi horien ondorio izango dira gure produktuak.
Ikerketa sakon bat egitea aipatu duzu.
Leartikerrekin egingo dugu ikerketa hau dena. Horrez gain, Garbiñe Larrea izeneko aditu bat badago, laguna dut aspalditik, berak ere lagunduko digu. Kataluniako beste enpresa batek ere lagunduko ditugu, eta Osasun arloan Tolosan badago Elikadura-osagarrien gaia eramaten duen pertsona bat… Denak uztartuta egingo dugu lan.
Dibulgazioan ere aritzen zara. Zer moduz sentitzen zara horrelako lanetan?
Gustatzen zait. Jendearekin lan asko egindakoa naiz, bisita gidatu piloa egin ditut, eta jendearekin lan egitea asko gustatzen zait. Hitz egiteko erraztasuna ere badaukat, komunikatzen asmatzen dudala esaten dit jendeak. Uste dut egiten duguna bizi dugunean erraza egiten zaigula hori adieraztea. Ataria eta Segura irratietan ere gustura aritzen naiz.
Lemniskatak Beasainen antolatutako solasaldi batean ere aritzekoa zara.
Erronka polita da. Proiektua aurkezteko aukera eman digute. Beti da interesgarria beste ekintzaile batzuk ezagutzea, oso aberatsa iruditzen zait. ■