Urtero-urtero azken urteetan, txokolatea banatzen da Ormaiztegiko Elegante Egunean. Aurten, badu berezitasun bat ekitaldi horrek: Ezkurdia fonda zeneko pastak dastatzeko aukera izango dute herritarrek. Izan ere, Zumalakarregi Museoak fondako Jaxinto Ezkurdiak bildutako errezeta liburutik 75 bat errezeta berreskuratu ditu, eta ondare gastronomiko hori herriaren esku jarriko du, omenaldi gisa eta belaunaldi berriei garai bateko Ormaiztegiren transmisioa egite aldera.
XIX. mende amaieran hainbat fonda ireki ziren Ormaiztegin, tartean Ezkurdia, bainuetxeko bezeroentzako zerbitzuak eskaintzeko asmoz. Hainbat hamarkada iraun zuen, zerbitzu ezberdinak ematen: taberna, bainuetxeko bezeroei ostatu emateko logela batzuk jarri zituzten, gasolindegia ere izan zuten, gurdiak gordetzeko tokia… garai bakoitzeko beharretara egokitu ziren. Baina horrez gain, gozogileak ziren izatez, eta txokolate ekoizpena ere egiten zuten. 1902an, Chocolates Lierni markarekin komertzializatzen hasi ziren.
XXI. mendera itzulita, Zumalakarregi Museoak urte batzuk zeramatzan ezkurdiatarren legatuari omen egiteko ahaleginean, eta Xabin Ezkurdia Jaxintoren ilobarekin elkarlanean aritu dira. Tamalez, Xabin Ezkurdia aurten hil da, eta berak egindakoari aitortza ere izango da, Lurdes Azpiazu museoko arduradunak azaldu duenez: «Xabin Ezkurdia ez da egongo, baina fondaren memoria berreskuratu dugu eta Xabinek egindako lana eta berak erakutsi zuen prestasuna aitortuko dugu». Familiaren laguntzari esker, fondan erabiltzen zuten tresneria, altzariak zein bertako argazkiak jarriko dituzte ikusgai Maiora Enparantzan festek iraun bitartean, Ezkurdia Ostatuaren eraikina zegoen eremuan. Eraikina bera 1967an bota zuten.
Erakusketa hori ez ezik, errezeta liburua oinarri hartuta, museoak belaunaldien arteko proiektua bultzatu du. Ezkurdiatarrek, eskolako umeek eta jubilatuek elkarlanean pastak egingo dituzte Maite Iturberen laguntzarekin (Udanako ogia). Elegante Egunean dastatzeko aukera egongo da.
Museora sarrera doan herritarrentzat
Beste bi erakusketa egongo dira ikusgai datozen egunetan Ander Deunaren jaien harira. Festetako portada lehiaketara aurkeztutako lanak pantaila digitaletan jarriko dituzte abenduaren 17ra arte, batetik, eta bestetik, museoan ikusgai dagoen Karliskaturak erakusketa ikusteko aukera izango dute ormaiztegiarrek, doan. Bisita gidatuak egingo dituzte azaroaren 19an eta 26an eta abenduaren 3an (11:00 eta 12:30). ■