Harrikalari Gazte Asanbladak antolatu ditu lehen aldiz odolkiaren igoera eta odolkiaren agurra jaietan. Jendea futbito txapelketara bideratzeko «prozesio moduko bat» izango dela azaldu dute asanbladako kideek.
Hotzaren mugarri izan ohi da askorentzat, udazkenari agur esateko data itzela. Bai, Ormaiztegiko festak dira, San Andres jaiak. Aurten ere badatoz Ormaiztegiko San Andres jaiak eta gazteak prest dira jada. «Irailaz geroztik» ari dira prestatzen herriko jaiak, «astero-astero geratuz antolaketa ahalik eta onena bermatzeko». Harrikalari Ormaiztegiko Gazte Asanbladarentzat urteko data «garrantzitsuena» dira jaiak, haien jardun handiena «honen antolakuntzan oinarritzen baita». Gainera, dagoen «lan kargarako nahiko gutxi» direla adierazi dute eta daudenen artean guztientzako jai «on eta seguruak» antolatu dituzte. Argi dute haien papera «ezinbestekoa» dela jaien antolakuntzan eta honen bitartez gazteak «antolatzera» deitu dituzte.
Harrikalari Gazte Asanbladaren esanetan, jaietako bi une kuttun daude: «jaien hasierarako desiratzen dago» jendea, baina gehien entzuten den ekintza herrian «futbitoko finala» da. Bereziki «gogotsu» daude gazteak finalerako. Joan den urteko lehen edizio «arrakastatsu» hartatik, aurten ere bigarren edizio bat egitea erabaki dute eta joan den urtekoa «gainditzea» espero dute: «Txupinazoaren ondoren bertan sortzen den giroa sekulakoa da».
Gazte asanblada «indartzeko» ere data «garrantzitsua» izan ohi da, eta eskaintza «zabalagoa» izaten saiatzen ari dira. Horregatik, aurten, beste ekitaldi bat gehitu diete San Andres jaiei. Odolki igoera egongo da festetako lehen egunean eta jaiei amaiera emateko «odolkiari agurra» egingo diote: «Ez dakigu zer-nolako harrera izango duen, eta horregatik, irakurle oro animatu nahi dugu gerturatzera».
Hala ere, urtero bezala, aurten ere herriko gazteei jaietarako egitaraua prestatu diete Gazte Asanbladatik. Azaroaren 22an hasiko dira festak eta lehenengo, «odolki igoera» egingo dute, aurtengo apustua. «Prozesio moduko bat» izango da, eta txarangarekin arratsaldea girotuz futbito txapelketara bideratuko du jendea. Ondoren, 20:00etan II.Futbito Txapelketako finala izango da eta txapelketako parte-hartzaileek afaria izango dute frontoian. Eguna amaitzeko, Irten Bide, Rebel Noise eta DJ Euzkolabel izango dira. Azaroaren 23an, Elegante Eguna ospatuko dute. Egun horretarako «eleganteen bazkaria» antolatu dute. Azaroaren 30ean, gaueko eskaintza izango dute, Emaion erromeriarekin eta DJ OGArekin. Festak amaitzeko, abenduaren 1ean, odolkiari agur girotua antolatu diote goizeko 07:30etan. Jaiak «gozatzeko» asmoz datoz gazte ormaiztegiarrak eta irakurle oro animatu nahi izan dute haien jaiez gozatzera. ■