Iker Gomez de Segura • Segura
Zalantzarik gabe, esanahia aldatzen zaie argazkiei denboraren joanean. Ateratzen diren unean bertan baino -edo gehiago, bestela-, etorkizunean hartzen dutela ‘transzendentzia’ ausartuko nintzateke esaten. Halakoxe irudipena da goiko argazkiak eragin didana.
Unean bertan ezgauza izandakoa, random, bat gehiago, irribarre-eragilea gertatu zait berriro nire eskuetara iritsi den honetan. Ez da argazki bereziki ona kalitatez edo estetikaz, ez bereziki jendetsua edo indartsua, ez inolako aparteko egoerarik islatzen duena. Eta, atera zenez geroztik 16 urte igaro ondoren -agian horregatik bakarrik, alegia-, Goiberrin argitaratzeko moduko atrebentziaz azaldu du burua, halere. Aitortuko dizuet. Ez dut momentua gogoratzen. Buru txarrekoa naiz. Baina ingurura jo dut argazki hori zer puzzleren pieza izan zen identifikatzeko. Noski, puzzle handia, testuinguru orokorra, aski ezaguna dut; momentu jakinaz ari naiz gehiago, argazkia gertatu zen ‘instanteaz’.
Has nadin kokatzen. TOBERA Musika- eta Dantza-eskolak 2008an ateratako argazkia da. Segurako eta Zegamako ikasleak daude erretratuan. Orduko irakasleetako bat ere bai. Eta ni tartean, eskolako zuzendari orain bezala orduan. Musikarion zaindari Santa Zeziliaren omenezko urteroko gure kontzertuaren ondoren Segurako Txanbolinpean gaude partaide-taldetxo bat, emanaldia bukatuta han egin genuen afari-merienda bitartean zela.
TOBERAren esentzia
‘Lagin’ bat baino ez gara, baina esanguratsua bere horretan, TOBERAren esentzia ongi jasotzen duelako: herri desberdinetakoak batera eta musikak elkartuta; argazkian antzematen ez diozuen arren, musika-diziplina askoren ordezkariak (pianoa, saxofoia, klarinetea, trikitia, panderoa, akordeoia, kantua…); ikasle helduak, nerabeak eta haurrak elkarrekin -baita beren artean senide direnak ere-; eta eskolako langileak ere haien guztien alboan, komunitate-izaeraren adierazgarri.
Gaur da musikarion zaindariaren eguna nazioartean, azaroaren 22a. Argazkia urte hartako azaroaren 20an atera zen; Zegaman, berriz, 25ean jo genuen Santa Zeziliaren kontzertua 2008an. Bi saioetan mahai-joko bana oparitu genien ikasle partaideei. Segurakoan bi agertoki atondu genituen okasiorako, San Joan adinekoen zentroaren arkupeetan bat eta plaza nagusian bestea; batetik bestera kalejiran joan ginen ikasle musikariekin eta publikoarekin. TOBERA bazkide den Euskal Herriko Musika-eskolen Elkartearen Musikalean ekimenaren barruan kokatu genuen Segurako saioa; horregatik daramatzagu argazkiko guztiok kamiseta berde berdinak soinean. Oraindik ere ospatzen da Musikalean, musikak kaleak hartzea asmo duen ekimena; TOBERAn hilaren 18an ospatu dugu aurten.
‘Instante’ bat janztea
Ausazko argazki bat baino ez da. Bat edozein. Ez apartekoa, ez berezia. Agian. Baina hemen agertu dudan istorioaren lekuko da. Eta, istorioarekin uztartuta, bikainago bihurtu da ia bat-batean argazkia. TOBERA Musika- eta Dantza-eskolak argazki ikusgarriagoak ditu, jarduera liluragarriagoak erakusten dituztenak, baina zer polita harro ez datorren hura edukiz jantzitakoan hartzen duen itzal luzea. Nago halako zerbait gertatu zaiola argazki ttiki honi. Eta nago erraldoi izango direla orain ñimiño zaizkigun argazki asko ere. Etorkizunak puztuko du oraina, baina atzerabueltarik gabe bizita izango dugu jada ‘instantea’. Unean unekoa handikiro ospa dezagun, beraz. Hala merezi baitu. Gora Santa Zezilia!■
*Argazkian. Goian: Raul Diez, Irati Diez, Nerea Beldarrain, Maddi Montero, Maitane Berasategi, Izaskun Oiarbide eta Maite Mujika. Erdian: Uxue Alberdi, Maria Atxa, Naiara Aldanondo, Jone Beldarrain, Amaia Egilegor eta Iker Gomez de Segura. Behean: Maria Sarasola, Ekiñe Izagirre, Ander Svensson, Ainhoa Intxausti eta Maialen Matxain. Guztiak nahi zaituztet musikari. Besarkada bana zuei!