Garazi Andonegi Beristainek (Lazkao, 1976) Ingeniaritza ikasi zuen eta Elhuyarreko zientzia koordinatzailea da. Zientzia gizartean eta ikastetxeetan zabaltzeaz arduratzen dira. Andonegik Usurbilen lan egiten du eta Hernanin bizi da. Berak eta bere bikoteak bi seme-alaba dituzte: Eihara eta Aiur. Lanetik kanpo, deskonektatzeko, mendian ibiltzea, lagunekin elkartzea, musika entzutea, irakurtzea, bidaiatzea, zinea, sukaldatzea… gustatzen zaio. N-1 errepidean, Ordiziara heltzean, Txindoki ikusten duenean umorea aldatzen zaiola esan ohi du. «Lazkaokoa sentitzen naiz eta Lazkaon ditut aita-amak, anaia, ilobak, lagunak…».
Non egin zenituen oinarrizko ikasketak?
Oinarrizko ikasketa guztiak San Benito ikastolan egin nituen, Lazkaon bertan. Ondoren, Mondragon Unibertsitatera joan nintzen eta Ingeniaritza Teknikoa ikasi nuen.
Nola gogoratzen dituzu San Benito ikastolan eman zenituen urteak?
Ikasle ona izan naiz beti. Nota onak ateratzen nituen. Oso oroitzapen onak ditut: urte atseginak izan ziren. Lazkao herri txikia da eta umetatik ikaskideekin kuadrilla egiten duzu.
Argi al zenuen Ingeniaritza ikasi nahi zenuela?
Ez nuen oso argi unibertsitatean zer ikasi. Aukera ezberdinak zeuden eta irakasleak gu orientatzen saiatzen ziren. Gustatzen zitzaizkigun ikasgai horiek kontuan izanda, ze ikasketa egin genitzakeen esaten ziguten. Ahalik eta nota altuena atera nuen, nahi nuena aukeratu ahal izateko. Armando irakasleak, ondoren San Benitoko zuzendari izango zenak, lauzpabost ikasle bere autoan hartu eta Arrasateko unibertsitatea ikustera eraman gintuen. Han ikusitakoak Ingeniaritza hautatzera eraman ninduen.
Zer moduz moldatu zinen Arrasateko unibertsitatean?
Lehen bi urteak, oinarrizko ingeniaritza, oso gustura egin nituen. Lagun asko egin nituen eta lan asko egin nuen. Ondoren, mekanika, elektronika edo ingeniaritza industriala aukeratu behar izan nuen. Zalantza asko izan nituen. Elektronika egitea erabaki nuen eta sakontzen joan nintzen heinean interesa galtzen joan nintzen. Baina ikasle ona nintzen eta beti ekainean aprobatu nuen. Garai hartan, elektronikan bi neska bakarrik ginen. Unibertsitateko azken urtea Oronan egin nuen. Karrera amaierako proiektuan I+G sailean aritu nintzen, igogailuen urruneko kontrola egiteko monitorizazioa programatzen.
Zer egin zenuen ondoren?
Ingalaterrara joan nintzen, ingelesa ikasteko asmoz. Bost hilabete eman nituen bertan, familia baten etxean. Ingeleseko titulu pare bat atera nituen: First eta Advanced. Itzuli nintzenean, lan bila hasi nintzen. Lehenengo lana elektronikarekin eta ingeniaritzarekin lotuta zegoen: material elektronikoa saltzen zuen Urretxuko Garapen enpresan lan egin nuen. Zerbitzu teknikoa ere ematen genuen. Urte eta erdi eman nuen bertan. Enpresa mota hori eta lan mota hori ez nuela oso gustuko konturatu nintzen.
Norabidea aldatzea erabaki zenuen.
Aitaren kuadrillako bat Ikerlan ikerketa zentroko zuzendaria zen eta bertara joateko esan zidan. Hango langile batek ea euskararekin lotutako zerbait egitea gustatuko al litzaidakeen galdetu zidan eta baietz erantzun nion. Hala, Elhuyarrek lan deialdi bat zuela aipatu zidan: ikasketa teknikoak eta zientifikoak egindako pertsonak behar zituzten, ingelesa ere bazekitenak. Aurkeztu egin nintzen eta halaxe sartu nintzen Elhuyarren, 2002an.
Zer egiten duzu egun?
Elhuyarren barruan unitate ezberdinak ditugu eta ni Zientzia unitateko koordinatzailea naiz. 23 lankideko lan taldeak aurrera eramaten dituen proiektuak koordinatzen ditut. Bi arlo ditugu. Bata, zientziaren zabalpena da. Hor euskara eta zientzia lotzeko proiektuak daude. Dibulgazio aldizkaria, Teknopolis telebista saioa, Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrila eta Ekosfera irratsaioak, podcast-ak, webguneak… Beste arloa STEAM Hezkuntza da. STEAM Science, Technology, Engineering and Mathematics-en akronimoa da. Zientzia eta teknologia gazteengana gerturatzen ditugu, bai ikastetxeetan eta bai aisialdian. Lan taldearen antolaketaz, lan banaketaz, aurrekontuaren jarraipenaz, finantziazioaz… arduratzen naiz. Bestalde, gure unitate ezberdinen koordinazio gunean ere banago.
Ez da lan erraza zientzia gizarteratzea.
Hala da. Sekula ez da erraza izan. Euskaraz lan egiten dugu, gainera. Elhuyar euskararentzat aukera berriak sortzeko jarri zen abian eta horrek zailtasun batzuk ditu. Euskarazko hedabideen kasuan, egoera ez da batere ona. Inoiz ez da ona izan, baina azken urteotan digitalizazioak aldaketak ekarri ditu, kontsumo molde berriak daude, gazteengana iristeko zailtasunak… Gure mundu txiki horretatik kanpo askoz ere informazio gehiago daukagu irisgarri eta horrek erronkak ekarri ditu. Zientziaren gizarteratzea erronka horien barruan dago. Zientzia ez da jende guztiaren intereseko gaia, nahiz eta denon bizitzan egunero presente dagoen.
Nola ikusten dituzu gazteak?
Gazteak eta helduak antzera gabiltza. Kontsumo molde berriena ez da gazteen kontua bakarrik. Helduok antzera jokatzen dugu. Baina konfiantza dut: orain arte egin badugu, hemendik aurrera ere egingo dugu. Egoera berriari ondo erantzungo diogula uste dut. Elhuyarren adimen artifizialaren mundura salto egin dugu, adibidez. Mundu mailan sortzen ari diren aurrerapen horiek guztiak euskararen mundura ekartzeko lan egiten ari gara, euskara ez dadin atzera gelditu. Inguru digital horretan euskarak hiztun kopuruarekiko duen presentzia ez da hain txarra. Beste hizkuntza gutxiagotu batzuk askoz ere okerrago daude.
Erakundeek zientzia nahikoa babesten al dute?
Zientziarekiko apustu bat dago, baina ez horrenbeste zientzia gizarteratzearekiko. Elhuyarren sartu nintzenean, egindako ikerketa lanak gizarteratzeko diru-laguntza lerroak zeuden eta denborarekin galtzen joan ziren. Horrekin batera, ikerketa zentroak geroz eta gehiago komunikatzen hasi ziren.
Ni Elhuyarren sartu nintzenean, ikerketa zentroek eta unibertsitateek ez zuten ikerketen berri ematen. Hasieran ikerketak guri bidaltzen zizkiguten. Ikerketako hizkuntza gizarteko hizkuntzara itzultzeko lana ematen ziguten, horretan espezializatuta gaudelako. Lan hori egiteko laguntza lerroa galdu egin da eta ikerketarako laguntzen barruan sartuko dela suposatzen dut. Hori ondo ikusten dut, baina eduki horiek euskal gizartean euskaraz zabaltzeko lan egiten dugunon panorama ez da ona. Jaurlaritza berria egituratzen ari da eta alderdi hori aintzat hartzea espero dut.
Zeintzuk uste duzu direla etorkizuneko erronkak?
Zientziaren gizarteratzeari dagokionez, erronka handi bat berdintasunarekin lotutakoa da. Zientzia munduan ere gizartean ditugun gabeziak atzematen dira. Berdintasunean pausoak daude emateke. Aukera berdintasunean, ardura postuetara iristeko aukeretan… erronka dugu. Beste erronka bat hizkuntzarena berarena da: euskaraz egitea eta euskarari bere tokia eta balioa ematea. Beste erronka bat jasangarritasuna da. Digitalizazioa ere erronka da: uste genuena baino kutsatzaileagoa da. Zerbitzarien energia kontsumoa, erabili behar diren materialak, mantenua, zabor elektronikoa kudeatzea…
Nola bizi izan zenuten pandemia? Gizartea zientziaren garrantziaz jabetzeko balioko zuela zirudien…
Pandemiak zientzia lehen lerrora eraman zuen. Eguneroko gure agendetara, albistegietara… eraman zuen. Guk eduki batzuk sortu genituen, gainontzeko hedabideetara ere doan zabaltzeko, geunden egoera hartan mezu batzuk helaraztea oso garrantzitsua zela uste genuelako eta jendea informazio eske zegoelako. Gizartean jakin-mina piztu zen, baina zientziak berriro tokia galdu du hedabideetan. Eta zientziak ere tokia izan beharko luke; kulturak, kirolak, politikak… bezala.
Pandemia guretzat ere garai berezia izan zen. Ekoizpen ahalegin berezia egin genuen eta gizarteak gogoz hartzen zituen edukiak. Asko igo zen interesa, baina gizakiak horrelakoak gara… Beharraren arabera mugitzen gara. Zerbait horren beharrezkoa sumatzen ez dugunean, beste kontu batzuetara jotzeko ohitura dugu.
Zientziaren garrantziaz ari garela, zientziari garrantzi handirik ematen ez dion Donald Trump-ek irabazi ditu Amerikako Estatu Batuetako hauteskundeak.
Lanerako bidean horixe aritu naiz komentatzen. Harrigarria da, baina bigarrengoz iritsi da Amerikako Estatu Batuetako lehendakari izatera. Gizartearen zati handi batekin konektatzeko balio dion zerbait duela onartu beharko zaio… Zientziarekiko duen jarrera erabat atzerakoia da, ordea. Ez da datuetan oinarritzen, ukazioan ibiltzen da…, baina beste alderdi batzuk haizatuz (ekonomia, immigrazioa…) jende askorekin konektatzea lortzen du.
Zientziarentzat ez da albiste ona Trump-ek hauteskundeak irabazi izana. Soziologiak azaldu beharko du zer gertatzen den. Ez naiz politikan aditua, baina AEBetan alternantziak pisu handia du. Bi alderdi daude eta txandaka ibiltzen dira. Batek agintean urte batzuk ematen dituenean, besteak hartzen du agintea. Berdin du zer esan duen edo zer ez duen esan. Boterean egoteak desgastea dakar. Foku azpian egoteak zure akatsak agerian jartzen ditu. Agintean dagoena egiten dugu bizitzan ditugun zailtasunen arduradun eta besteak hobeto egingo duela pentsatzen dugu. ‘De Guatemala a Guatepeor’, orain Trump tokatzen da.
Valentzian ere, zientzialariei kasu gehiago egin balitzaie, hobe.
Gauza batzuk adituen mezuen gainetik jartzen ditugu: derrigor lanera joan beharra, adibidez. Horrelako gertaera gogorrek alertak zerbaitetarako daudela erakusten digute. Arrisku maila horiek egiazkoak direla ikusi dugu. Naturan bizi garela eta fenomeno horiek hor daudela. Arduratsuagoak izan beharko ginateke. Meteorologia agentzien alertak ez dira tiraderan uzteko kontuak. Arinkeriaz hartzen ditugu. Penagarria da halakoak gertatzea, baina ikasgai bezala balio badigute behintzat…
Familiarekin, parisen
Andonegiri bidaiatzea gustatzen zaio, eta familiarekin bada, hobe, noski. Bere argazki kuttunetako bat iazko urrian Parisera egindako bidaian ateratakoa da. «Gurasoak faltan izanda ere, halako bidaia familiarekin egiteko aukerak poz handia sortu zidan. Senarra, seme-alabak, anaia-koinata eta ilobekin egindako bidaia hura esperientzia berezia izan zen. Nire etxekoekin egoteak ekartzen didan poza islatzen du argazki horrek».
Haurtzaroko oporren oroitzapen bikaina du. «Urte askotan Gironako kostaldean dagoen L’Estartit herrira joan ginen. Han, hondartzan, igerilekuan, herriak eta kalak ezagutzen… ederki pasatzen genuen. Amak prestatzen zizkigun gosari ederrekin gogoratzen naiz. Aitarekin, berriz, betaurreko handiak eta aletak jantzi eta arroken artean zeuden animaliak ikustera joaten ginen. Ur azpian zeuden itsas-izar, triku eta abarrak ikusi eta hartzen genituen, gero berriz bere tokian uzteko. Beste batzuetan, pedaloa alokatzen genuen eta itsas hondora iristera jolasten ginen. Hango hondarra eskuan hartuta itzultzen baginen, lurra ukitu genuen seinale. Behin, aitak zerbait ikusi zuen. Ur azpira jaitsi eta garagardo botila bat igo zuen pedalora. Barruan olagarro txiki bat zegoen! Leopoldo izena jarri genion. Pixka batean hari begira egon eta itsasora bota genuen. Izen zelebreak jartzea gustatzen zitzaigun eta barre asko egiten genuen».