Aratz Albisu • Telesail zalea
Aurrekoan mundua zeharkatu genuen, kontinentez kontinente, pantailak erabiliz; gaurkoan denboran bidaiatuko dugu. Telesail historiko ugari daude, eta nire gustukoenetako batzuk besterik ez dut ekarri.
Lehenbizi, erromatar inperiora joango gara, Those about to die-rekin. Bertako zirku eta politika kontuetan bilduko gaituzte, eta lasterketa eta odol artean ezagutuko dugu Eneko Sagardoyk gorpuztutako pertsonaia.
Ondorengoetan, XVII. eta XVIII. mendeetara salto egingo dugu: Angolako monarka artera joango gara African queens: Njinga-rekin, Italiako sorgin-ehizara Luna nera-rekin, itsaso zabaleko piratengana Black sails-ekin eta jauntxoen Ingalaterra zaharrera Mary & George-ekin.
Aurrera jarraitzeko, badaude mende honetako gertakari garrantzitsuenetako batzuetan barneratzeko aukera dezente ere: The tattooist of Auschwitz, gehiago espero izanagatik ere, liburua bezain hunkigarria; Chernobyl, bisualki beldurgarri zein ederra; eta, azkenik, HIESAren epidemiaren garaiko It’s a sin eta Tengo que morir todas las noches.
Orain artekoetan geuk egin dugu denboran atzera; beste hauetan, ordea, pertsonaiek egiten dute denboran salto: El ministerio del tiempo espainiarraren lehenengo bi denboraldiak satiraz eta oso gertakari interesgarriz beteta daude. Eta Siempre bruja, Cartagenan, orain bost mende jaiotako neska batek oraingo bizimodura ohitu beharko du, berak espero gabe orainaldira bidaiatu ondoren.
Azkenik, aurrerago salto egiterik ez dago, baina etorkizuna txukunen isla dezakeena hauxe iruditu zait: Years and years. Aurretik ere aipatua, baina beste hamaika aldiz ere gomendatuko nukeena. ■