Bizitzaren joan-etorriak direla-eta hainbat lekutan bizitakoa da Gaizka Balerdi (Hernani, 1984), «batzuetan egoerak horrela eskatzen zuelako eta beste batzuetan nahi izan dudalako. Ez gara lurrera errotuak sortu, eta gustura egon garen lekuetara itzultzeko ohitura dugu». Tartean, zazpi urtez izan zen Gaintzako alkate, eta beste bost urtez zinegotzi. «Herri txikietan kargu publikoa duenak bere lana du, eta denbora pertsonalaren inbertsio izugarria eskatzen du. Baina, asko irakatsi dit, udalen funtzionamendua, aldundia… Denek probatu beharko lukete esperientzia hori». Arazo eta momentu desatseginei aurre egin beharra egokitu zitzaion arren, «politak eta ospatzekoak ere izan nituen eta horiek daramatzat gogoan».
Zer zaletasun dituzu?
Mendi buelta lasai bat uraren soinua entzunez, musika entzutea, ahal badut astean hiru aldiz kiroldegira joatea, mandalak margotzea…
Pelikula edo telesail bat.
Batmanen The dark knight rises eta One piece.
Liburu bat.
Normalean lanarekin lotuak irakurtzen ditut. Arturo Goikoetxearen El dolor cronico no es para siempre eta anatomiako bat beti daramatzat aldean.
Musika talde edo abeslari bat.
Bat aukeratzekotan, Coldplay.
Abesti bat.
ETSren Zurekin batera, Heldu da garaia edota Coldplayren Fix you.
Oporretarako leku bat.
Irlandara itzultzea gustatuko litzaidake, Japonia ezagutu nahi dut, Kanariar Uharteetara itzuli…
Zer gosaltzen duzu?
Astean zehar kafe bat edo tea. Asteburuan, aukera izanez gero, arrautzopila, urdaiazpikoa eta tea.
Kolore bat.
Grisa.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Zorionekoa naiz, dudan adinerako lortu ditudan egun ahaztezin guztiengatik.
Jaso duzun oparirik bereziena.
2023ko eta 2024ko urtebetetze egunak. Bi momentu gogoangarri bi pertsona oso garrantzitsuri esker.
Amets bat.
Ametsak ez ditut esaten, esaten badira egia bihurtzea zaildu egiten baita.
Goierriko txoko bat.
Gaintzako San Martin ermitako gaina.
Gaintzan biziko ez bazina…
2020an Irlandara bizitzera joateko nintzen, baina itxialdiarekin bertan behera geratu zen. Han bizitzeko esperientzia probatu nahi nuen. Orain, lana dela eta, Hernanin bizi naiz, Gaintzara itzultzeko asmoa dudan arren. Egiten ditugun aukeraketek batzuetan ez gaituzte guk nahi dugun lekura eramaten. ■