Gaizka Oiartzabal • Tabernaria eta musikazalea
Batzuetan ez da jakiten nola hasi. Beste batzuetan nola bukatu. Sentsazioa daukat ziklo bat bete dugula. Hamarkada bat hain zuzen ere. Izan ere, hamar urte pasatu dira Zarraparra Elkartea osatu genuenetik. Tartean 19 jaialdi joango dira. 10 Poligrafo Fest, 9 ZZ Rock. Ia ezer ez.
Beste herri batzuetan ere ezagutu ditugu agurrak, desagertu diren jaialdiak, eta guri aurten agur esatea dagokigu. Erreta gaude. Kontziente gara geratuko den hutsunea ez dela aise beteko, egin dugun bideaz eta ekarpenaz harro gaude.
Oso garbi dugu, baita ere, zenbat oztopo aurkitu ditugun, non aurkitu ditugun oztopo horiek eta zein den horien helburua.
Guretzako errazagoa izan da Zumarragan lan egitea Urretxun baino. Ez dago kolorerik. Urretxu izan da erabaki hau hartzeko arrazoi bakarra. Tartean errespetu falta asko egon dira, gurekin eta nire kasuan nire gertukoekin ere bai.
Garbitu dezala ahoa alkate jaunak besteez hitz egiten hasi baino lehenago, eta niregatik bada har dezala bueltako bidea eta etorri zen bezala joan dadila. Ah, eta eros dezala ispilu bat, baina ez herriko guapoena zein den galdetzeko. Eta utz diezaiola besteez hitz egiteari eta gaizki esaka ibiltzeari. Zeren etorri zenean ez zuen inork gogoratzen edo ezagutzen, eta joaten denean ez du inork gogoratu nahiko eta ezagutzeaz damutuko da.
Badakigu beste herri batzuetan beste modu batera baloratzen direla elkarte hauek, errespetua zaiela eta batez ere diru gehiago ematen zaiela. Herri honetan 6.500 euroko aurrekontuarekin egin duguna ez da ezta erdi normala ere. Aurten azkenekoz errepikatuko dugu, eta gu ere etorri garen bidetik joango gara, jakinik oroitzapen onak uzten ditugula eta txarrak gurekin daramatzagula.
Beraz horixe dagokigu, despedida prestatzen hasi eta ahalik eta politena egiten saiatu. Horretarako, beti bezala, zuen laguntza behar dugu. Apirilean ikusiko dugu elkar. ■