Autobusekin egin da ospetsu Ormaiztegiko Irizar lantegia, mundu guztian. Baina egoera zalantzatiagoetan, beste produktu batzuei ere heldu zien, batez ere 1980ko industri krisiaren zorabioan dibertsifikazioaren botika eskuratu nahian. Aldizkari honetan bertan, 2021eko uztailean argitaratu zen, adibidez, Lamborghiniren LM002 lur orotako autoa karrozatzeko egitasmoa. Baina proiektu bitxi gehiago ere egin zituen Irizarrek, oraindik beha eta erabil daitezkeenak.
Larreinetako funikularra da horietako bat. Trapagarango (Bizkaia) Triano mendietako meatze gunera merkantziak, meatzariak, bizilagunak eta baita burdin-mea garraitzeko, 1926an inauguratu zuten funikularra. Martxan jarraitzen du gaur egun, gehien bat bisitarien eta turisten erabilerarako.
Trapagarango bailara sakoneko Escontrilla auzotik (62 m) abiatu, eta 404 metroko garaieran dagoen Larreineta auzora bitartean ematen du zerbitzua funikularrak, bidaiariak La Arboleda edo Zugaztietako meatzarien herrixkatik kilometro batera uzteko. Eusko Trenbideak enpresa publikoak kudeatzen du, eta 2014an Kultura Intereseko Ondasun izendatu zuten.
Irizarren esku hartzea 1987an izan zen. Funikularra berritu zutenean, bidaiarien kabina edo kutxa karrozatzeko lana Ormaiztegiko kooperatibak hartu zuen. 7,95 metro luzeko ibilgailua diseinatu zuten autobusgileek, eta garaiko karrozerien egikera, itxura eta formak errepara dakizkioke, oraindik ere, beirate handiekin. Bastidoreak metalikoak dira eta Bernako (Suitza) Lucien Von Roll lantegietan egin zituzten. Trakziorako motore elektrikoa Beasaingo Indarrek egina da.
Funikularrak 1.180 metro luzeko bidea osatzen du, Euskal Herriko luzeena. Bi ibilgailu dira, eta aldapan nibelatzeko eta kabinak horizontal mantentzeko euskarri-zutoin luzea da funikularraren bereizgarria. 342 metroko desnibela gainditzen du, %23 eta 44 arteko maldekin, eta 7,2 kilometro orduko abiaduran. ■