Miriam Inza • Artista eta ikertzailea
Esan guztiari baietz. Bai aurtengo bidaia potolo horri, bai datorren asteko juergari, bai eskaini dizuten proiektu berriari, bai gimnasioan berriro ere serio ekiteari, bai hizkuntza eskolan zabaldu dituzten mintzodromoei, bai ostiraleko kuadrillako afariari, bai beste urtebetez saileko idazkari izateari, bai bakarrizketa hori ikustera joateari, bai sagardotegiko planari, eta bai antolatu nahi duzun urtebetetze festarako gonbidapenari. Bai, email hori nire kontu, eta bai zure zirriborro hori begiratzeari, hartuko dugu bai kafe bat arratsaldean, eta zabaldu berri duten jatetxe horretan afaltzeari ere, bai.
Guztiari bai, baina telefonoz deitu didazu ez naizelako bilerara agertu eta ez dizut hartu, ezta bueltan deitu ere. Ez dut gogoratu gaurkoa garrantzitsua zela eta zita hartuta neukan beste zerbaitetan. Klase ostean kafe bat hartzeko proposamenari uko egin behar izan diot autobusa galtzen nuelako beste norabait joateko. Ez dut astebururik libre apirilera arte. Ohitu naiz leku guztietara hamar-hogei minutu berandu heltzen beti luzatzen zaidalako aurretik neukana, eta presaka alde egiten dut ez dakit zer bilera, kafe, bideo-dei edo enkargu egin beharrean nagoelako. Hemen nago zurekin hizketan eta email bat erantzuten, berebiziko garrantzia du eta.
Kafetegiko telebistan entzuten da Giorgio Armaniren lurrin iragarki hura. Emakume bat ageri da eta off-eko ahots batek esaten du amaieran «hitz boteretsuena BAI da». Guztiari bai esaten diozunean, mundu bat aukera zabaltzen duzu zure denbora erabiltzeko, oso estimulagarriak diren gauzetan sartzeko. Baina mila gauzatan zaudela, ba al ZAUDE benetan inon?
Begira, Giorgio, zer den benetan ahaltsua, zerk salbatzen gaituen egunero gure bizitzaren kontrola galtzetik: esatea EZ. ■