Mikel Sarriegi • Dantzaria
Azkenaldian hedapen handia izan du Zetak musika taldearen Mitoaroa ikuskizun erraldoiak. Ordea, izenburu horrekin aurkezten den eszenaratze ikusgarrian batez ere inauterien inguruko pertsonaia, giro eta iruditeriek hartzen duten protagonismoak nahasmendua sor dezake. Izan ere, osagai horiek gehienek gutxi dute mitologiatik eta asko, aldiz, erritual bizitik, eta beraz, errealitatetik. Altsasuko Mamotxorroak, Unanuko Mozorroak, Zubieta-Iturengo Joaldunak… ez dira inondik ere mito egungo folklorean. Egia da galdu egin zirela ohitura horiek, mito bihurtzeko bidean, baina poliki-poliki suspertuz joan dira eta oso indarrean ezagutzen ditugu gaur-gaurkoz, bakoitza bere auzoan eta herrian.
Oraingoan, ordea, beste ekimen polit bat gehituko dute beren egutegira eta herri-ondare bizi horretara. Gaur bertan, Otsoak dantza taldearen eta herriko beste elkarte batzuen eskutik, inauteri zaharra berreskuratzen hasteko lehen ahalegina ezagutuko dugu. Garai bateko ataundarren lekukotzak jaso dituzte eta informazio hori guztia erabiliz molde zaharreko eran berreraikitzen saiatuko dira, mozorro zuriak, zatarrak, ardi-narruak, txantxoak… etxean eta etxeko gaiekin osatutako jantzi eta osagaiei lehentasuna emanez, dantzak eta kantak protagonista, eta maskara ezezagunen atzean ezkutatutako pertsonaien misterioa, izua eta nolabaiteko beldur giroaren presentzia lege zaharrean plazaratuak ikustea espero dugu.
Beste horrenbeste egingo dute lazkaotar lagunek, gerra aurretik ezagutzen zen inauteriak ospatzeko ohitura berreskuratzen saiatuko baitira aspaldiko partez. Oin Arin dantza taldea ariko da bertako beste hainbat eragileren laguntzaz.
Gaur arratsalde-ilunabarrez hasita Ataunen eta Lazkaon, neguan lo hartutako lurra eta kontzientziak esnatu, munduko gaitzak eta zomorro gaiztoak uxatu, udaberriari eta itxaropenari deiadar egin… mito izateko bidean ziren horiek erritu izatera pasa daitezela! ■