Artikulu honen izenburuak azaltzen du, bai, beraren gaia zein den. Baina ez izan itxaropenik, irakurle, lerrook irakurri eta gero gai horren ezaupidean erabateko segurantzia izatera iristeko. Zalantza izan dut nik izenburua aukeratzeko eta zalantza eskaintzera natorkizu.
Goazen, dena dela, kontu seguru samarren bat eskaintzera ere. 1986an, Zegamako Goialdean, San Pedroren ermitan, hilarri bat aurkitu zuten, erromatar idazkun bat zuena; K.o. II. mendekoa da, gutxi gorabehera, La[r]icius izeneko bat oroitzeko egina.
Izen hori latindar jatorrikoa da eta, hortaz, pentsa liteke garai hartan erromatar zibilizazioaren indarra Zegama alderaino iristen zela. Ez luke horrek inor harritu beharko; orain gutxi arte haien eragina Gipuzkoan hutsaren hurrengoa izan zela uste bazen ere, azken aldiko aurkikuntzek (Irun ingurukoek, adibidez) erakutsi dute hemen ere arrasto sakona utzi zuela Erromako zibilizazioak.
Horiek guztiak jakinda, goazen ikustera erromatar idazkun hori inguruko beste ezaugarriren batekin lotzeko modukoa den. Eta laster konturatuko gara San Pedroren ermita Amianon (Amiña, Zegamako hizkeran) dagoela, hots, aspalditxotik latindar jatorrikotzat jotzen den -ano atzizkidun izena ageri duten lekuen multzoan.
Beraz, izen erromatarra izan litekeela-eta, pentsatuko genuke Amiano ere erromatarrek utzitako zantzuen zakuan sartzea egongo litzatekeela. Nolanahi ere, polikixeago joatea komeni da; hori ikasi dut nik gai honetan ikasiak direnek idatzitakoak ikusita.
Txkitasuna eta hiritasuna adierazteko
Hasteko, -ano-ren oso antzekoa den -no-ren sailekoak ere hor ditugu. Mitxelenak dio txikitasuna erakusteko erabiltzen direla: Olano ‘ola txikia’ litzateke eta Etxano ‘etxe txikia’. Badira sail horretako batzuk -aun atzizkiarekin lotzen dituztenak ere (Ataun/Atano bikotea litzateke horrelakoa).
Horietakoa ez bada, orduan, -ano-ri erantsi ohi zitzaizkion pertsona izenen modukoren bat aurkitu behar Amiano-ren sorburuan. Caro Barojak azaldu zuen -ano eta -ana bukaeradun izenek (ugariak oso Nafarroan eta Araban) erromatarren fundus-ak eta villa-k izendatzeko erabili zirela; lehenak txikiak ziren, baserrien modukoak, eta bigarrenak urbanoagoak; genero maskulinoa eskatzen dute lehenek (-ano) eta femeninoa bigarrenek (-ana). Lurraren jabearen izenari lotzen zitzaizkion eta jabetza bera adierazi, horrela.
Ez Caro Barojak, ez Mitxelenak aipatu zuten Amiano bere azterlanetan. Luis Mari Zalduak osatu du hutsunea eta, beraren irudiko, Ammia/Ammius izeneko baten lurra zatekeen Amiano. Hortik aurrera, gaurko egunean ahoz erabiltzen den formara iristeko, gerta zitekeen, i-ak a jan eta n-a palatalizatzea; edo, bestela, Patxi Salaberrik dioen bezala, izan zitekeen bokal arteko -n-a galdu (Amiao) (ohikoa da hori euskara zaharrean; horra Lazkano > Lazkao ere, –ano-dunen beste adibide bat, seguruenera) eta birpalatalizatzea (Abadiano > Abadiño bikotean bezala).
Korapilo asko ditu, beraz, gaiak, kontuz jokatu beharra eskatzen dutenak. Horregatik, San Pedroko erromatar hilarria eta Amiano toponimoa giro berekoak izan zirela pentsatzea zuzena izan litekeen bezala, ez da txarra izango, beti ere, eragozpenei adi egotea.
Zegamako erromatarren auzian jakintsuago izango gara horrela, baina ez –behin ere– orojakile. ■