Igor Susaeta • Kazetaria
Txirrindularitza 2018ko urrian utzi nuen, Frantziako Tourra bitan, Italiako Giroa behin eta, besteak beste, Lombardiako Giro bat, Txitxarroko Jaitsiera bat eta Nazioarteko Kriteriuma hirutan irabazi ondoren. Dieta zorrotza, etxetik kanpo pasatutako bolada luzeak, etengabeko lehiak eragindako estresa, adina… Akituta nengoen. Sei urte igaro ditut bizikleta hartu gabe, harik eta abenduan, sentsazioak berreskuratu nahian-edo, berriro ibiltzen hasi nintzen arte. Eta ordutik frogatu ahal izan dut izurrite bat guztiz zabalduta dagoela gure errepideetan.
Profesional nahiak dira. Ea, nola jokatzen duten azaltzen ahaleginduko naiz. Ni neu 150-200 kilometroko saioak azkar antzean egitera eta zaintzera behartuta nengoen, txirrindularitzatik bizi nintzelako, hori zelako nire ogibidea. Izurrite hori hedatzen dabiltzanek, aldiz, neronek egiten nituenak baino entrenamendu gogorragoak egiten dituzte, normalizatuta dute joera hori, eta baskularen morroi dira. Ez dute, ordea, nire aldean, xentimo bakar bat ere irabazten horregatik; are, dirutza politak ordaintzen dituzte, izan materialarengatik, izan elikadurarengatik.
Okerrena da, ordea, jada globero bihurtu garenon segurtasuna arriskuan jar dezaketela. Aurreratzen zaituzte bik, hiruk, seik, hamabostek, ziztu bizian eta pega-pega eginda, lasterketa batean lehia betean baleude bezala, eta, gainera, agurtu ere ez zaituzte egiten; nori eta ni bezalako mito bati diosalik egin ez… Haien erreakzio bat bilatzen ahalegindu izan naiz. «E! Mikel! Gero arte!», oihu egin izan dut noiz edo noiz, nahiz eta ez jakin nor den aurreratzen nauena. Ez harritu lurrean erorita ikusten zaituztedan hurrengoan gelditu gabe igarotzen banaiz zuen ondotik. Merezi, behintzat, ez duzue askoz ere gehiago merezi.
Izurrite hori, badakizue, mendian hedatuta dago, baita igerilekuetan ere. Orain gutxiko adibide bat jarriko dut: tokirik ez ia, sartzen zara kale batean, eta azkar aritzeko ikastaroetan aritzen diren hiru ez-profesional serieak herio batean egiten ikastarotik kanpo, eta horretan ari ez dena gogaitzen. Kontuak eskatu, eta baten erantzuna: «Kalea denontzako da, Igor». Bai, alafede, izurriteak kalea behar du. ■