Haizea Zurutuzak (Beasain, 1987) Natur Baliabide eta Paisajistikoen Kudeaketa ikasi zuen Derioko nekazaritza eskolan. Gabiriako Altzibarren lan egin zuen 7-8 urtean, eta ondoren Hazia denda ireki zuen Beasaingo Oriamendi kalean, bere ahizpa Maialenekin. Haziak 10 urte beteko ditu martxoaren 25ean. Bertan, mota guztietako loreak eta landareak saltzeaz gain (garaikoak, barrukoak, lehorrak…), ezkontzetarako eta bestelako ekitaldi berezietarako dekorazioa eta opariak egiten dituzte. Goierri mailan lan egiten dute.
Gustuko lorea?
Guztiak gustatzen zaizkit.
Zer egiten duzu denbora librean?
Naturaz gozatu, urtaro ezberdinetan. Mendira joatea gustatzen zait. Eta elurra dagoenean, eskiatzea edo erraketekin ibiltzea.
Gustuko mendia?
Txindoki eta Murumendi. Aukera dudanean urrutiago joatea gustatzen zait.
Pelikula edo telesail bat.
Pelikula eta dokumental bereziak gustatzen zaizkit. Zer pentsatua ematen dutenak. Sakonak.
Musika talde edo abeslari bat?
Berri Txarrak, Gorka Urbizu, Olatz Salvador…
Abesti bat.
Gorka Urbizuren azkenekoetako edozein.
Liburu bat.
Azkenaldian autolaguntzakoak irakurri ditut.
Oporretarako toki bat.
Mendia duen edozein. Eta kosta gertu badu, hobe.
Kolore bat.
Berdea.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Ez dut egun bereziki ahaztezin bat. Bizitzako une txiki guztiak gozatzen saiatzen naiz.
Jaso duzun opari bereziena.
Jaunartze egunean amonak oparitu zizkidan belarritakoak.
Amets bat.
Japoniara bidaiatzea gustatuko litzaidake: lorategiak eta gereziondoen loraldia ikusi, eskiatu…
Bizitzako plazer txiki bat.
Bazkaldu eta gero txokolate ontza bat jatea. Konpainia onean bada, hobe.
Goierriko txoko bat.
Murumendi gaina. Hango bistez gozatzea asko gustatzen zait.
Beasainen biziko ez bazina.
Oso gustura bizi naiz Beasainen. ■