Aitor Artza • Musika zalea
Lazkaotarra izanik, herrian, eta atzera begiratuz, gaur egun dabilen zerbaitekin natorkizue oraingoan. 90eko hamarkada hasieran gazte talde batek herrian genituen aisialdi eta beste zenbait behar asetzeko Lazkaoko udal zerbitzuetatik falta genuen aukera eskasia ikusirik, Gazte Asanblada eratzea erabaki genuen. Kale gorrian hasi genituen gure lehen hitzorduak eta ekimenen antolaketak;ondoren, Andres Kaleko lokal bat alokatu genien mojei. Hura bihurtu zen gure topagune, eta bertan antolatu ziren ondorengo urteetako aisialdirako ekimen, aukera eta jardunaldiak.
Gogoan ditut adin ezberdinetako gazteak nola biltzen ginen, eta helduxeagoek gaztetxoekin antolaketan izaten genituen tirabirak ekimenak antolatzerakoan. Ondorioz, elkarrengandik asko ikasi genuen, eta hartatik gaur egun bizirauten duten harremanak gauzatu genituen.
Musikazaleak izaki, urte haietan, Soziedad Alkolika, Dut, Bap, Anestesia, Etsaiak, Def con Dos, Nuevo Catecismo Catolico, Jo ta Akatu, El Corazon del Sapo, Fist Fucking eta beste sail handi baten kontzertuak antolatu genituen. Ondorengoen bitartez etorri ziren Dupla, Zopilotes Txirriaus, Perlata, Dinamita, Añube… Eta etorriko direnak.
Azken hamarkadan, herriko zenbait gaztek, urtetan lo abarrean izan zen Gazte Asanblada esnarazi zuten, eta herriari beste kolore bat ematea lortu izan dute etengabe antolatutako ekimenez. Zorionekoak herriko gazteak eta hain gazteak ez garenok.
Urteotan, belaunaldien berritzean asmatu dute eta herriko saltsari gatzik ez zaio falta. Haratago joanez, gizarteak dituen eskaera sozialei egokitzen ere jakin du asanbladak belaunaldiz belaunaldi, eta herriko sail eta pertsona ezberdinengan ondo errotu dela ere esan genezake. Horren lekuko, Lazkaoko festetako txupinazoa zein eragilek botatzeko egin den galdeketa irekian, Gazte Asanblada izan da hainbaten artean hautatua. Beraz, LGAk botako du aurtengo San Prudentzio festak irekiko dituen suziria. Gorde data: apirilak 25, ostirala, arratsaldeko 18:00etan! ■