Xegun Altolagirre • Gidoilaria eta sortzailea
Zer nahi duzu ba esatea… egia edo mundu guztiak entzun nahi duena? Ba egia esango dizuet. Pertsona arrunta naiz, lehen begi kolpean bitxia iruditzen bazaizu ere. Hori da egia borobila. Nire planetan dindibre kontzertuak telebistan botatzen dituzte. Eta nola ez, dindibre kontzerturik onenak ordaindu beharreko kanaletan. Prime timean. Zoramena da. Kontzertu hauen aurreko egunetan eta ondorengoetan ez da besterik kalean. Tabernetan ez da beste ezertaz hitz egiten. Esan dizuedan bezala, zo-ra-me-na!
Bai, bai, jendea tabernetan pilatzen da dindibre kontzertuak entzuteko eta ikusteko. Eta, jakina, edonork dauka bere iritzia emateko eskubidea, mundu guztiak daki dindibrearen inguruan, etxe guztietan dago dindibre musika konposatzaile bat. Keba, guztiz kontrakoa izatekotan. Gora eta gora doa dindibrearenganako pasioa. Badirudi haurrek ez dutela beste ezer buruan: dindibrea, dindibrea eta dindibrea. Eta ez pentsa eskoletan derrigorrezkoa denik, aukeran beste musika tresna guztiak dituzte, baina hauek dindibrea eta dindibrea. Jolas orduetan edozein eskolatako patiora bazoaz han-hemenka ikusiko dituzu haurrak dindibrearekin jo eta su. Gurasoek haurrak zigortu behar dituztenean… hori da, asmatu duzue, dindibrerik gabe uzten dituzte asteburu oso bat. Ez dakizue nola jartzen diren haurrak horrekin… uffa… asteburuetako paga osoa dindibre kontzertuetara joateko eta honen inguruko aldizkaritan gastatzen dute.
Eta ez dugu oraindik arropaz hitz egin! Ez da etxerik izango dindibrejole onenen jantzirik ez dagoena! Kalean zoaz eta esan daiteke beste kolorerik ez dagoela… guztiak arropa berdinarekin. Dindibrejole onenen jantziak nahi dituzte denek nire planetan. Eta ez pentsa dindibrejole guztien arropak berdinak direnik! Bakoitzak bere diseinu propioa du… Eta dirutza bat balio dute, ez pentsa! Eta jakina, markek hori ikusi eta jantzi hauek urtero berritzeari ekiten diote edozein txikikeria edo detaile aldatuta, eta, nola ez, urtero jantzi berrienak nahi dituzte haurrek!! Tira, lehen esandakoa, dindibre, dindibre, dindibre… Ba bai, nire planeta horrelakoa da. Zuenean ba alda horrelakorik? Badakizue nirean dindibrea dagoen moduan, zuenean… baloia? ■