Hil berria da Iñaki Lasa Araiztegi futbolari ohia. Realeko lehen taldeko jokalaria izan zen, eta 2. Mailatik 1. Mailara igo zen talde mitikoko kidea. Baziren goierritar gehiago ere talde hartan.
Otsailaren 27an hil zen, Donostian, Iñaki Lasa Araiztegi futbolari profesional izandako legazpiarra, 86 urterekin. Legazpin 1938ko abenduaren 30ean jaioa, eliteko futbolaren Goierriko ordezkaritza zabalaren parte izan zen. Realean eta Osasunan jokatu zuen. Lasaren oroimenean, minutu bateko isilunea egin zuten Anoeta zelaian martxoaren 9an, Ligako Reala-Sevilla partida hasi aurretik
Sansen hiru denboralditan aritu ondoren (1957tik 1960ra) iritsi zen Realaren lehen taldera, eta 1960ko irailaren 25ean egin zuen debuta, Zaragozaren aurkako ligako partidan. Guztira, lehen taldearekin 143 partida jokatu zituen (Sanserekin beste 66). Defentsa zen, baina bazuen sareen usaimena: 6 gol sartu zituen. Zortzi denboralditan izan zen Realeko goren mailako jokalaria, 1968ra arte. Ondoren, bi urte Iruñean jokatu zuen, Osasunarekin.
Ibilbide horretan, futbolaren gazi-gozoak probatu zituen. Debuta gozotik, baina 1962an Reala Espainiako 2. Mailara jaitsi zen, eta kosta zitzaien atzera gora igotzea, krisi instituzional bat ere tarteko: jaitsieraren ondoren, bazkideen %40k utzi zuten Reala, eta zuzendaritza batzordeak dimisioa eman zuen. Puertollanoko heroiak deitutako taldeak lortu zuen igoera, 1966-67 denboraldian.
1967ko apirilaren 23an jokatu zuten Lasak eta gainerakoek igoerako partida erabakigarria, Puertollano herrian (Ciudad Real, Espainia), Calvo Sotelo CF taldearen aurka. Etxekoek ez zuten ezer jokoan, Realak puntu bakarra nahikoa zuen igotzeko, baina 2-0 jarrita okertu zitzaien arratsaldea. Boronaten eta Aranbarriren golei esker bina berdindu, eta helburua bete zuen Realak.
Beste goierritarrak
Iñaki Lasa legazpiarra hasierako hamaikakoan atera zuen Andoni Elizondo entrenatzaileak. 1966-67 urte hartan, Lasarekin batera, beste goierritar batzuk ere bazeuden Realaren lehen taldean.
Francisco Javier Ezeiza Esnaola (Ordizia, 1943-6-12) zen haietako bat. Aurrelaria zen, eta Realarekin 1962ko irailaren 16an debutatu zuen. 1967 arte jokatu zuen Realean; 92 partida jokatu eta 40 gol sartu zituen. Erretiratu egin zen.
Juan Cacho Aranburu (Beasain, 1939-12-11) zen beste bat, aurrelaria hura ere. Realean 1960tik 1967ra jokatu zuen, debuta 1960ko irailaren 11n eginda Granadaren aurka. Guztira 154 partida jokatu, eta 24 gol sartu zituen. Ondoren, Pontevedran jokatu zuen 1967-68an. Sansetik igo zen Cacho ere.
Talde mitiko hartako laugarren goierritarra –eta bigarren legazpiarra– Jose Luis Maiztegi Intza zen (Legazpi, 1939-9-15). 2024ko otsailean hil zen, 84 urterekin. Erdilaria zen. Sansen lau denboraldi eta 82 partida jokatu ostean, Realaren lehen taldearekin debuta 1961eko azaroaren 26an egin zuen, Racing Santanderren aurka. Sei denboraldi egin zituen goian, eta 101 partida jokatu (gol 1). Ondoren, Maiztegik bi denboraldi Calvo Sotelo taldean 2. Mailan jokatu zituen, Puertollanon hain justu, eta 1969an utzi zuen futbola. ■