German Urteaga Garmendia • Entrenatzaile pertsonala eta Kirol psikologoa
Esfera batean ezin da zabalera bereko karratu bat sartu. Tximinoak ezin du hegan egin, txoriek ezin dute itsas barnean igerian jardun eta arrainak ezin dira zuhaitzetik zuhaitzera ibili. Harrigarria iruditzen zait ikustea nola askok normalizatuta duten Excel erabiltzea kalkuluetatik haratagoko gauzetarako, Word batean egin beharrekoak Excel batean egiteko obsesioa du nahi baino pertsona gehiagok.
Hezkuntza sistemaren isla baino ez da agian goian aipaturikoa. Oraindik ere, askotan, bide bakar/zuzen bat dagoela uste da, ikasle denek behar berdinak izango balituzte bezala, eta bai, teorian ikastetxe guztiek bermatzen dute inklusioa, aniztasuna… Hala ere, gustura galdetuko nieke ikasleei ea hori horrela den sentitzen duten, baita irakasle askori ere.
Gurasoek ere maiz izugarrizko presioa sartzen diete euren haurrei. Haur bati agian natur zientziak ez zaizkio hainbeste gustatuko, baliteke DJ-a izan nahi izatea heldutan, edo artzaina edo suhiltzailea, edo sukaldaria… Hezkuntza sistemako parametro estuetan ez sartzeak ez du esan nahi etorkizunik izango ez duenik, edo goia joko ez duenik.
Ez da erraza haur eta gazte guztiak barne hartuko dituen hezkuntza sistema bat eratzea, baina posible dela sinetsi nahi dut. Aniztasuna, bere era guztietan, kontuan hartuko duen hezkuntza sistema batean sinetsi nahi dut, eta, noizbait, inklusioak utopia izateari utziko diola. Bai ikastetxeetan, bai beste edozein esparrutan. Konturatu gaitezen inklusio ezak esklusioa esan nahi duela, agian horrela argiago ikusiko dugu inklusiorako bideak jorratzea ezinbesteko kontua dela baldin eta giza eskubideak urratu nahi ez baditugu, edo bestela esanda, baldin eta pertsonak bagara.
Ez dakit azeri bat zuhaitzetik zuhaitzera ibil daitekeen, edo igerian egin dezakeen, edo hegan… Demagun baietz, egin dezakeela, egokitu dela eta zuhaitzetik zuhaitzera dabilela. Hori hala izanik ere, azeria ez da bere habitat naturalean egongo (hegan egitera ez dut uste egokitu ahal izango duenik, ingurua sutsuki horretan tematu arren).
Utz diezaiogun bakoitzari askatasunez bere bidea aukeratzen, benetan barruak eskatzen diona egiten eta ez gaitezen saiatu karratuak zabalera bereko esferetan sartzen. Utz ditzagun zuhaitzak tximinoentzat, itsasoa arrainentzat, basoa azerientzat eta Excel zenbakientzat. Edo behintzat, Word idazteko erabiltzen dutenei ez diezaiegun esan Excel erabil dezatela, norberak bere bizitza konplika dezala nahi badu, baina besteena utz dezala lasai eta bakean. ■