Salome Olaetxea Gartzia (Mutiloa, 1966) zinegotzia da herriko udalean. Ofizioz, berriz, Lanbide Heziketako irakaslea da Bergarako Miguel Altuna Ikastetxean. FOL bezala ezagutzen dena irakasten du: nominak, gizarte segurantza, lan-kontratuak, ekintzailetasuna… Gaztetatik da odol emaile. «Hasi nintzenean 18-19 urte izango nituen, haurdunaldiak direla eta etenaldi batzuk izan ditut, baina 60 bat aldiz eman dut odola».
Zergatik zara odol emailea?
Odola gizakiok bakarrik sortzen dugulako. Guk ez badugu odola ematen eta beste inon ezin bada ekoiztu, nola egin aurre une oro sortzen diren beharrei? Gizarteari horretarako deialdia egiteko aprobetxatu nahiko nuke.
Zein zaletasun dituzu?
Irakurtzea, bidaiatzea eta mendia.
Pelikula edo telesail bat?
Pelikula asko ditut gogoko: La vida es bella, Forrest Gump…
Liburu bat?
Nobela historikoa asko gustatzen zait, eta tartean thrillerrak ere bai. Los pilares de la tierra, La catedral del mar… Julia Navarrorenak ere gustatzen zaizkit. Eta thrillerretan, Ibon Martinenak.
Musika talde edo abeslari bat?
80 eta 90eko hamarkadakoak batez ere.
Abesti bat?
Erramun Martikorenaren Xalbadorren heriotzean, eta Xabier Leteren Habanera.
Oporretarako leku bat?
Toki berriak ezagutzea gustuko dut.
Zer gosaltzen duzu?
Kiwi bat, ogi txigortua marmeladarekin eta kafesnea.
Kolore bat?
Bat bakarrik? Beltza, urdina eta berdea.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna?
Ez da oso originala izango, baina nire bi alabak jaio ziren egunak.
Jaso duzun oparirik bereziena?
Nigan pentsatuz egin diren momentutik, denak dira bereziak. Baina, bikotekideak egin zidan arrosa sorta berezia izan zen.
Amets bat?
Ingurukoekin bakean eta osasunean bizitzea.
Bizitzako plazer txiki bat?
Etxeko portxean irakurtzea.
Goierriko txoko bat?
Otaño mendia.
Mutiloan biziko ez bazina…
Kostako herri txiki batean. ■