Montserrat Soler Fabregas (San Hilari Sacalm, Girona, Herrialde Katalanak, 1996) urretxuar batekin ezkondu zen. Tatuaiak egiten ditu Labeaga kaleko Tattoo Piercing Ink dendan. Umetatik gustatzen zaizkio tatuaiak eta piercingak. «12-13 urterekin, urtebetetze egunerako piercing bat eskatzen nuen urtero. 17 urterekin lehen tatuaia egin nuen eta tatuatzeko makina bat erosi nuen. Hasieran, gurasoen etxean lan egiten nuen. Ez dakit zenbat tatuaia ditudan, kontua galdu nuen, baina oraindik toki asko dut».
Pelikula edo telesail bat.
Telesaila, Como defender a un asesino. Eta pelikula, Titanic. Asko gustatzen zait, askotan ikusi dut.
Musika talde edo abeslari bat.
Gehien gustatzen zaidan abeslaria Shakira da.
Abesti bat.
Shakiraren Sordomuda.
Liburu bat.
Maite Issa idazlearen Tu exito es inevitable. Emakume batek emakumeentzat idatzitako autolaguntza liburu bat da.
Oporretarako toki bat.
Benidorm asko gustatzen zait. Ez dago hemendik oso gertu, baina urtero joaten gara hara. Lanak uzten digunean, nire gurasoak bisitatzera edo Benidormera joaten gara. Eguraldi ona egiten du eta ez daukagu erlojuari begira ibili beharrik.
Kolore bat.
Arrosa.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Nire ezkontza eguna: 2021eko irailaren 5a. Katalunian ezkondu ginen, nire gurasoek elkar ezagutu zuten herrian: Riells-en.
Jaso duzun opari bereziena.
Nire semeak.
Amets bat.
Zoriontsu izaten jarraitzea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Jatea. Gehien gustatzen zaidan jakia urdaiazpikoa da.
Goierriko txoko bat.
Inguru honetan toki polit asko dituzue.
Urretxun biziko ez bazina.
Benidormen. ■