Arte Ederretako ikasketak amaitu berri dituen Alicia Valiña Donazar lazkaotarrak diseinatu du San Prudentzio jaietako kartela. Martxoan lehiaketa irabazi zuen, «Lazkaoko nortasuna eta tradizioa omentzeagatik».
Zer islatu duzu kartelean?
Argazki collagea eta marrazketa digitala oinarri hartuta, jaien elementu esanguratsuenak omentzen dituen diseinua aurkeztu dut, prozesuan aukeraketa nabarmena eginda.
Nola bururatu zitzaizun?
Banekien Lazkaon esangura handia duten zenbait ekintza sartuko nituela. Banituen jaietako zenbait irudi, aurreko urteetan ateratakoak, eta horiekin collageak egiten hasi nintzen. Lana osatzeko, interneteko zenbait argazki ere erabili ditut, eta prozesu luzearen ondoren nire izaera islatzea lortu dudala esango nuke.
Zenbat denborako prozesua izan da?
Sinplea ematen duen arren, denbora luzearen osteko emaitza izan da: argazkiak egin edo bilatu, collagea egituratu eta neure burua egituraketa horretaz konbentzitu, bukaerako konposizioa aukeratu, argazkien gainetik marraztu, koloreen aukeraketa egin irudiak zentzua izan dezan… Horrek guztiak denbora asko eskatzen du. Denbora eta zirriborro asko.
Zer suposatu du zuretzat lehiaketa irabazteak?
Nire lanaren errekonozimendua, nire herrian. Gauza polita da hori. Eta herritarrekin partekatu ahal izatea ohorea da niretzat.
Datorren urtera begira, zer?
Berriro aurkeztuko naiz lehiaketara. Aurten argazki berriak aterako ditut, baita esparrua zabaldu ere. Jaietako kirol ekitaldietara, esaterako, ez naiz joaten, baina ulertzen dut herriaren parte den heinean garrantzitsua dela. Hortaz, esparrua zabaltzen eta ideia berriak eskuratzen ahaleginduko naiz, datorren urteko lehiaketarako fresko egon nadin. ■