Gaiaren inguruko ezjakintasunari erantzuteko sortu du Naturtzaindia elkarteak ‘Gipuzkoako Saguzarren Atlasa’, saguzarren banaketari buruzko lehen azterlan sistematiko eta eguneratua. Bertako kide da Ion Fontenla ataundarra (Lazkao, 1984), eta baita Iñaki Aizpuru eta Garazi Auzmendi goierritarrak ere.
Gipuzkoan aurkitu dituzten saguzar espezieen presentzia dokumentatzen duen kartografia da. Teknika desberdinak erabili dituzte: ultrasoinuen grabazioa, laino-sare bidezko harrapaketa eta babeslekuen jarraipena.
Zer lan egin duzue ‘Gipuzkoako Saguzarren Atlasa’ argitalpenean?
Naturtzaindia elkarteak saguzarren inguruan ikertzen igaro dituen azken hamar urteetako emaitza da Gipuzkoako Saguzarren Atlasa. Ekologia eta ingurumen gaietako ikerketa lanetan gabiltzan zenbait kidek osatzen dugu elkartea, eta Eusko Jaurlaritzak bideratutako deialdi bati esker finantzatu ahal izan dugu azken hamar urte hauetan saguzarren ikerketak eskatu dizkigun beharrak.
Duela 10 urte, Gipuzkoa mailan saguzarrak ez ziren ia batere ezagutzen. Bazeuden 1990eko hamarkadan egindako zenbait lan, baina eguneratu gabeko informazioa zen, eta behar horri tiraka erabaki genuen ikerketa hau abiaraztea. Egia da Administrazioari begira sortutako atlasa dela hau, batez ere, baina espezie bakoitzaren deskripzio-fitxak edota ulerterrazak diren analisiak txertatu ditugu bertan, edonorentzako eskuragarria eta baliagarria izan dadin.
Nondik datorkizu saguzarrekiko interesa?
Izatez nekazaritza ingeniaria naiz, eta ekologiarekin edo biologiarekin dudan erlazioa txikia izan arren, betidanik mendizaletasuna gustatu zait. Banuen ingurumenaren zaintzaren inguruan interesa, eta naturazaleen taldea sortu eta ikerketarako aukera ikusi nuenean, erakargarria suertatu zitzaidan. Eta ez hori bakarrik: saguzarrek beraiek ere erakartzen naute. Espezie berezia da: gauez bizi dira, ez dute ikusten eta entzun ere justuan. Txunditzen nauen espeziea da, baina ikerketarako zaila da. Hala ere, bada horretarako aplikatua den metodologia.
«Duela 10 urte, Gipuzkoa mailan saguzarrak ez ziren ia batere ezagutzen. Bazeuden 1990eko hamarkadan egindako zenbait lan, baina eguneratu gabeko informazioa zen»
Zertan oinarritzen da metodologia?
Saguzarrek ultrasoinu bidez ezagutzen dute ingurua; alegia, ultrasoinuak botatzen dituzte eta ultra-uhin horien errebotearen arabera identifikatzen dute inguruan dutena. Guk, ultra-uhin horiek entzuteko aparatu bereziak ditugu eta horiei esker identifikatzen ditugu espezieak. Horrez gain, kobazuloetan maiz laino-sareak jartzen ditugu, saguzarrak harrapatzeko. Behin eskuan ditugula, gai gara espezie batekoa ala bestekoa den identifikatzeko, arra edo emea den jakiteko. Babeslekuei jarraipena egitea ere bada maiz erabiltzen den metodoetako bat; izan ere, negua kobazuloetan igarotzen dute, baina orain, kasu, baserrietako ganbaretan edo ukuiluetan egoten dira.
Aplikaturiko metodologia horrek, beraz, nabarmen errazten du behaketa prozesua.
Bai, baina are eta errazagoa izan zedin, Gipuzkoa 5×5 kilometroko 107 laukitxotan banatu dugu, horietako bakoitzean metodologia bat aplikatuta. Horrek balio izan digu, hein batean, saguzar espezie bakoitza Gipuzkoako laukitxo bakoitzean kokatzeko eta eremurik aberatsenak direnak identifikatzeko. Horri esker atera ditugu ondorioak.
Zenbat espezie identifikatu dituzue Gipuzkoan?
Esan daiteke Euskal Herrian, oro har, 27 espezie daudela, nahiz eta horietako 25 diren ohikoenak. Gipuzkoan, hogeita bostak topatu ditugu, espezie guztiak. Batzuk kontserbazio egoera onean daude, eta beste batzuk gainbeheran sartuta daude; hain zuzen, kontserbazio egoera kezkagarria dute. Hori, batez ere, eremuaren degradazioarekin lotzen dugu.
«Espezie berezia da: gauez bizi dira, ez dute ikusten eta entzun ere justuan. Txunditzen nauen espeziea da, baina ikerketarako zaila da»
Eta Goierrin?
Goierrin zorte handia dugu, eremu natural aberatsak ditugulako. Aralarko edo Aizkorriko natura parkeak, esaterako. Horietan, espezie aniztasuna oso handia da, Gipuzkoako handienetakoa, eta, beraz, ezinbestekoa da eremu kontserbazio ona mantentzea. Saguzarrak ere denetarik daude: hiritarrak direnak, basokoak, alturan ibiltzen direnak edo harkaitzetakoak. Goierrin, habitat desberdin horiek guztiak dauzkagu, eta datuek ere hori islatzen dute. Kontrara, Gipuzkoa barrualdera joanda, natur parkeak ez dauden eremuetan edo oso antropizatuak dauden lekuetan, eskasak dira, eta maiz ugarienak direnak daude soilik.
Zer lortu nahi duzue ikerketarekin?
Saguzar espezieak araudiz babestutako espezieak dira, baina hogeita bost desberdin izanda, jakina da horietako batzuek babes maila txikia dutela, eta beste batzuk galtzeko zorian daudela. Guk, hala, ikerketa hau administraziorako tresna izatea nahi dugu, hemendik aurrera gauzatuko dituzten proiektuetan espezie guztiak aintzat hartzeko. Horregatik, saguzar guztiak mapan jartzea da gure asmo nagusia.
Non ikus daiteke galtzeko arriskuan daudela?
Mehatxu desberdinak dituzte saguzar espezieek. Batetik, basoen kontserbazio egoera txarra, eta Aralar zein Aizkorri eremu aproposak ditugun arren, gainontzeko herrialde osoan zehar landaketak gailentzen dira. Bestetik, nekazaritzan eta abeltzaintzan erabiltzen ditugun pestizidak eta intsektizidak leudeke, horien bitartez intsektuak gutxitzen ditugulako eta hain justu hori delako saguzarrek bizirauteko beharrezkoa duten elikagaia. Gero, gizakiok kobazuloetara zein babeslekuetara egiten ditugun bisitak ere mehatxua dira saguzarrentzat, batez ere hibernazio fasean daudenean. Azkenik, azkenaldian martxan jartzen ari diren makroproiektuak, parke eolikoen hedapena eta. Gipuzkoan dagoeneko hamalau udalerritan daude proiektaturik, nahiz eta gero agian denak egingo ez diren. Horrelako proiektuak aurrera eraman baino lehen, kontuan hartu beharreko dokumentua izatea nahi dugu.
«Guk gure lanean jarraituko dugu. Espezieen egoerak nola eboluzionatzen duen jakiteko, ezinbestekoa da ikertzen jarraitzea»
Ikertzen jarraituko duzue?
Printzipioz, Gipuzkoako beste natur parke batzuetan azterketa berak egiten jarraituko dugu. Izan ere, orain arte parke bakoitzari gutxienez urte bat eskaini diogu. Azken bi urteetan, esaterako, Araban ibili gara. Guk gure lanean jarraituko dugu. Espezieen egoerak nola eboluzionatzen duen jakiteko, ezinbestekoa da ikertzen jarraitzea.
Gainera, gaur egungo gizartean dagoen saguzarren inguruko ezagutza eza, bere horretan, mehatxua dela iruditzen zait, eta, beraz, ezagutza sortzen ahalegindu nahi dugu epe motzean, horretarako beharrezko kontzientziazio lanak eginda. Naturtzaindiko kideok, esaterako, materiala prestatu dugu eskoletan hitzaldiak emateko, eta saguzar gauak ere egiten ari gara zenbait lekutan –Ordizian, Ataunen, Itsasondon eta Legorretan tartean–, dibulgazio lanak ere tartekatuta. Gakoa zera da: ezezagunak diren espezieak ezagutaraztea, eta behin ezagutza hori bereganatuta, babestea.