Ander Nazabal Gomez de Segura (2000) ordiziar ingeniari mekaniko eta industrialak «beti kuriositatea» eduki du Ordiziako plaza nagusiaren inguruan, berezia eta bakarra baita: «Inguruan ez dago horrelakorik. Florentzian (Italia) badago Porcellino plaza, eta hura ikusitakoan Ordiziako plaza ekartzen du gogora. Agian handik hartuko zuen inspirazioa plaza diseinatu zuen Gurrutxaga arkitektoak. Auskalo. Berak ez du inon ere islatu hori horrela denik».
XX. mende hasieran ordiziarren urte askotako eskaria izan zen «oso jarduera ekonomiko garrantzitsua» zen azoka plaza estaltzea, saltzaileak eta erosleak euritik eta garbitasunetik babesteko. Ordiziako Udalak eman zuen aurreneko urratsa 1917an. Antonio Agirre arkitektori «aukera desberdinak aurkezteko» eskatu zion. Garai hartan, Tolosan Berdura Plaza eta Donostian Bretxa egin zituzten, esate baterako. Baina aurkeztutako proiektuen artean «ez zen erabateko konbentzimendurik egon» eta baztertu egin zuten. «Baina zurrumurruak hor jarraitzen zuen, eta beharra gero eta argiagoa zen. Garai hartako prentsan ere eskaria egiten zuten herritarrek». Azoka herriko plazatik ateratzeko eta inguruko zabalgunera eramateko aukera ere aztertu zuen udalak.
Urte batzuk geroago, Joxe Gurrutxaga Donostiako arkitektoaren proiektua onartu zuen udalak, azoka herriko plazatik mugitu gabe eta eraikina «monumentala» izatea proposatu zuelako. Horrekin batera, estetikaz gain, azoka egunetan higienea zaintzea ere ezinbestekoa zen Gurrutxagarentzat. «Airearen zirkulazioa bilatu behar zen, eta erdigunean dagoenez, noski, bizilagunak ezin ziren haserretu, eta derrigorrean altura izan behar zuen, bizilagunek ez zezaten plazako bista galdu eta paretak muturren aurrean izan». Elikagaiak babesteko eta izurriteak ekiditeko airearen zirkulazio askea lortzeko, inolako hormarik gabe eraikitzea eta estalkia euskarri bakanduekin sostengatzea proposatu zuen.
12 metroko altuera
Helburu horiek guztiak betetzeko, 12 metro altuko eraikinaren proiektua diseinatu zuen, hormigoi armatuarekin egina, eta egituran zehar apaindura elementuak txertatuta. «Hormigoi armatua oso material modernoa zen momentu hartarako, oraindik ez zegoen esperientzia handirik, baina aukera ematen zuen nolabait espazio diafanoak sortzeko. Altuerarekin eta ahal zen diafanotasun handiena emanez jokatu zuten». 1924ko maiatzaren 26an hasi ziren gaur egun ezagutzen den eraikina eraikitzen. Urtebete beranduago, 1925eko ekainaren 11n, Corpus Christi egunean inauguratu zuten. Guztira, 122.270,16 pezeta kostatu zen obra. «Urtebete behar izan zuten eraikitzeko. Azkar ibili ziren, garai hartarako».
Beiratea
Hasierako proiektuak Andres Urdanetaren estatua plaza erdian jartzea jasotzen zuen, baina epe arazoak saihesteko, azkenean lekuz aldatzea proposatu zuen. Bestetik, gaur egunera iritsi ez den beiratea ere izan zuen 1958. urtera arte. Nazabalen esanetan, beirate artistikoa Paueko (Okzitania) Maumejean Anaiak etxeak egin zuen, 3×4 metro neurtzen zuen eta 0,50×0,50 metroko 48 tarte zeuzkan.
Inaugurazioa
Lanak aurretik amaituta bazeuden ere, ekainaren 11n, Corpus Christi egunean inauguratu zuten, egun horretako ospakizunekin bat eginez.