Ordiziako Plaza Nagusia estali zela 100 urte beteko dira ekainaren 11n. Eraikina berezia eta bakarra da. Asteazkeneroko azokaren plaza nagusia izateaz gain, Ordiziaren bihotza eta ordiziarren elkargunea da.
Ordizia aipatzearekin batera, Plaza Nagusiaren irudia datorkio edonori burura. Ezin baita Ordizia erdiguneko plazako 12 metroko zutabedun estalkiak ematen duen babesik gabe ulertu. Ordiziaren ikonoa izateaz gain, herriaren bihotza ere bada. Ordiziarren elkargunea da, asteazkeneko azokarekin batera, urtean 200 ekitaldi inguru egiten baitira bertan. Mendea beteko du ekainaren 11n eta Ordiziako 100 urteotako historiaren eta bizipenen lekuko izan da estalkia.
Patxi Garmendia Mendigar plazaren ondoko Asto Kalean jaioa da, 1956an, eta txikitan plaza nagusia zuten jolaslekua, haur parkea. «Ez zegoen aparagailurik baina han jolasten genuen txorro-morroka, briletean, txapekin…». Futbol zelaia ere bazen, nahiz eta garai hartako aguazilak kontra izaten zituzten haurrek. «Debekatu egin zuten, inguruko dendetako kristalak puskatzen genituelako. Aguazilak guri baloia kentzen ibiltzen ziren».
Erlojurik ez zuten behar izaten, 20:00ak alderako etxera joateko: «Kale Nagusitik pasatzen zen Bilboko Pesako autobusa pasatzen zenean zen etxera joateko ordua. Garai hartan bi noranzkoetan zegoen zirkulazioa».
Jolas parkeaz gain, «kontzertu aretoa» ere izan da plaza Garmendiarentzat. «Musika bandak, orkestra boleroak eta dantzaldiak egiten ziren. Bikote asko sortu ziren bertan. Denborarekin galduz joan zen. Plazan kontzertu handiak eman dira. Festetan bai, baina 1968. urtean, Villafranca Hiribildua sortu zeneko 700. urteurrenean, kontzertu berezia antolatu zen Donostiako Orfeoiarekin eta Irungo Musika Bandarekin. 750. urteurrenean Donostiako Orfeoiak eta Irungo Musika Bandak kontzertu erraldoia eman zuten. Tradizioa mantendu egin da».
Aldarrikapena
Aldarrikapenerako agertokia ere izan da, eta da, Plaza Nagusia. «Gaur egun jubilatuak elkartzen dira hileko lehenengo astelehenean». Garmendiak 5 urte zitueneko gertakari bat ekarri du gogora: «Maiatzaren Lehenean agerraldia egiten zen beti plazan. 5 urte nituenekoa ez dut ahaztuko sekula. Guardia Zibila udaletxean sartzen zen, kornetin eta guzti. Iskanbila hasi zen, eta Mauser fusilekin pin-pan tiroka hasi ziren. Grabatuta daukat buruan, zer beldurra pasatu nuen. Askatasuna eskatzen zuten langileek garai hartan».
Eliza-funtzioak ere ezagutu ditu Plaza Nagusian. «1940. urtean oihartzun handia eduki zuen ekitaldi bat izan zen. 1940ko irailean, eskualdeko kongresu eukaristikoa egin zen. Kronikek esaten dute inoiz ez zela hainbeste jende ezagutu Ordizian. Plaza bete-beteta zegoen. Meza nagusia plazan egin zuten, apainduta, Barrenako tapizak aldare atzealdean jarrita. 1968. urtean hiribildua sortu zuten 700. urteurrenean beste meza bat egin zuten plazan bertan».
Gizartearen bilakaera
Festa girorako ere aproposa da Ordiziako plaza, eguraldiaren beldurrik gabe. Danborrada, dantza jaialdiak, txistularien alardeak… «Santanazaleen dantza 1509. urtetik hona, gutxienez, egiten da».
Gizartearen bilakaeraren lekuko ere izan da. Azken hiru urteetan maiatzaren 17an egin den Euskal Trabestien Showa edo Santanazaleak dira adibide. 2022ko uztailaren 27an, historia egin zuen Maria Balluerka ordiziarrak, Santanazaleetan aurreskuaren rola bete zuen lehenengo emakumezkoa izan zelako. Balluerkaren esanetan, «entseguetan esan ziguten pentsatzen aritu zirela pandemia garaian, filosofia aldatu nahi zutela, generoaren ikuspegia gaindituta. Esan daiteke, tokatu egin zitzaidala, eta kito. Besterik gabe. Polita izan zen».
Lantokia
Jolas eta jai giroa bakarrik ez, merkataritza zentroa eta lantokia ere izan da askorentzat asteazkenetan Ordiziako Plaza Nagusia. Ander Nazabalek gogoratu duenez, XX. mende hasieran azoka «oso jarduera ekonomiko garrantzitsua» zen Ordiziarentzat. XX. mende hasiera n industrializazioa hasi zen, jende piloa etortzen da eskualdera lanera». Trenak ere lagundu zuen Ordiziako azoka hazten. «Erosle kopuru handiagoa etor zitekeen eta merkantzia urrutiagotik ekar zitekeen».
Ixiar Etxeberria (1973) gazta saltzaileak udaletxeko arkupeetan du postua, haren amak, amonak eta birramonak izan zuten bezala. Plaza Nagusia estali aurretik ere hantxe egoten ziren. «Nire amonak 126 urte beteko zituzkeen aurten, eta bere ama hasi zen. Beti toki berean egon gara, udaletxe azpian, batez ere generoagatik, beti itzala dagoelako. Eguzkiak kalte egiten dio gaztari».
Europako Funtseko Next Generation diru laguntzarekin egin diren eraberritzeak begi onez ikusten ditu Arizmendik. «Orain egin dutena oso ondo dago. Azokan beti pasatu dugu hotza. Haize korronteak kentzea ezinezkoa da. Lehen hotz gehiago pasatzen zen, hotz gehiago egiten zuen eta».
Nazabal ere iritzi berekoa da: «Plaza horretan edozein interbentzio egitea zaila da, bere garaian helburu garbi batzuekin eraiki zutelako horrela».
Sinboloa, elkargunea
Belaunaldi desberdineko lau ordiziarrek argi dute: bai lehen, eta bai orain, Plaza Nagusia Ordiziaren sinboloa da, herriaren bihotza.
«Gaur egun ere Ordizian antolatzen diren ekintza gehienak plazan egiten dira, edozein motatakoak. Tabernak daude inguruan, dendak, eta denek bat egiten dute plazaren inguruan. Asmatu zuten plaza estaltzearekin. Dudarik gabe. Eztabaidagarria izan daiteke estetikoki nolakoa den, hori beste gai bat da, ez naiz horretan sartzen. Gune sozial bat da, harremanetarako. Dudarik gabe, Ordiziaren bihotza da, Ordiziako taupadak bertan neurtzen dira», dio Garmendiak.
Balluerkarentzat «funtzio anitzeko espazioa» izan da Plaza Nagusia: «Azokaz gain, jolasteko tokia, kontzertuak ospatzeko, festak… Herriaren erdigunea da, eguraldi ona eta txarra egiten duenean. Denerako da. Ordizia ezin da plazarik gabe ulertu. Dena ospatzen da hor. Arratsaldea hor pasatzen dugu: lehen jolasten, eta orain umeekin».
Arizmendik ere argi du: «Nik Ordiziako azoka ez dut aldatzen. Ordizian oso ondo lan egiten dut. Ordiziakoak gara eta puntu ona daukat saltzeko. Genero ona edukitzea da garrantzitsua».
Ausardia eta irudimena
Arkitekto eta alkate ikuspuntutik Adur Ezenarrok «garai hartan izan zuten ausardia eta irudimena» azpimarratu ditu: «Horrelako plaza-estilorik ez dago inon. Beste inon existitzen ez zen zerbait asmatu zuten, eta lortu zuten eraikin bat izatea, eraikina izan gabe, itxita ez dagoelako. Oso modernoa da, kanpo eta barru arteko mugak deuseztea aldarrikatzen duelako».
Bizi-bizirik dago, gainera. «100 urteren ondoren funtzionatzen jarraitzea eta erabilgarri izatea, bertute handiena hori da. Mende bat geroago, Ordiziaren eta ordiziarren bihotza izaten jarraitzen du».
Monumentu historiko izendapena du estalkiak, baina ordiziar bakoitzarentzat monumentu soziala da, euri nahiz eguzki, elkargunea delako. Bihar, ekainaren 7an, 19:30ean, ordiziarrek elkarrekin ospatuko dute toki kutunaren 100. urtebetetzea.