Xabin Fernandez Zubeldia • Aktorea
Pasa den maiatzaren 17an, LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatu zen, kolektiboko pertsonok mundu osoan pairatzen dugun diskriminazioari eta estigmari buruzko hausnarketa egite aldera. Aurtengoan, ordea, oso datu deigarria nabarmendu nahi izan dute elkarte batzuek. Eta hori da, fobia honek duintasunari eta giza eskubideei eragiteaz gain, osasunean ere eragin zuzena eta kaltegarria duela. Baina nola da hori posible?
Esan dezagun, LGTBIfobia hainbat modutan ager daitekeela: gizarte bazterkeriatik edo indarkeria fisikotik hasita, osasun zerbitzuetara sartzeko diskriminaziora iristeraino. Indarkeria horiek guztiek LGTBIQ+ pertsonon artean estresa, antsietatea eta depresioa areagotzen laguntzen dute. Eta horrek eragin zuzena izan lezake sexu osasunean, eta kasu askotan, osasun arreta gutxiago bilatzea ere eragin lezake.
GIBaren kasuan esaterako, estigmatizazioak HIESaren probak egiteko, tratamendua bilatzeko edo laguntza eskatzeko garaian eragiten dio askori, hori guztia egiteko asmoa burutik kentzeraino. Ondorioz, osasun ingurunearen babesik ez izateak, GIBaren transmisioa areagotzea eta seropositiboak garenon osasun emaitzak okerragoak izatea ekar dezakeela nabarmendu dute CESIDA elkartetik.
Eta ez dugu ahaztu behar LGTBIQ+ kolektiboko pertsona migratzaileen egoera, bereziki GIBarekin bizi diren eta egoera administratibo irregularrean dauden pertsonena. Pertsona horiek zailtasun handiak baitituzte osasun publikora iristeko, eta horrek larriagotu egiten baitu euren egoera.
Funtsezkoa da gogoratzea LGTBIfobiaren aurkako borroka osasun publikoaren aldeko borroka ere badela. LGTBIQ+ pertsonon ongizatea bermatzeko, beharrezkoa da politika inklusiboak sustatzea, sexu-aniztasunari buruzko hezkuntza gehiago eskaintzea eta ingurune seguruak sustatzea, guztiok izan dezagun osasun arreta jasotzeko aukera, epaituak edo diskriminatuak izateko beldurrik gabe.
Baina herritarrona ere bada egoerari buelta emateko ardura. Ez dira garai errazak. Gorrototik eta desinformaziotik elikatzen den olatu batek arriskuan jarri nahi ditu hainbeste kostatako eskubideak. Osasuna eta duintasuna guztiontzat izan behar dira eta hala izan dadin borrokatu behar dugu. ■