Gure uda
Maddi Aiestaran Iparragirre • Bertsolaria
Garai batean, uda aurreko azken eskola-egunean, pozik esaten nien agur lagunei. Ez nituen holako momentuak gehiegi erromantizatu ohi, ez nien gauzei zutena baino pisu handiagoa eman ohi. Irrikaz kontatzen genizkion elkarri udako bi hilabeteetan han eta hemen eta hala eta horrela egin nahiko genituzkeenak; poztu egiten ginen, inbidiak inbidia, laguna pozik sumatuta. Irakasleei ere agur esaten genien banaka-banaka, eta, aurreko ez-dakit-zenbat eskola-irteeratan bezala, iturrian bustitzen genituen buruak eta harrapaketan jolasten ginen, gurasoren batek nahikoa zela irmoki adierazten zigun arte.
Asteburua pasatuta, igande iluntzean, aitona-amonen etxean instalatzen ginen gu, ahizpok. Ilusionatuta jartzen genuen bizkarrean tentu eta taktu handiz prestatutako motxila. Eta ez-dakit-nongo ez-dakit-ze toki esklusibotara bagindoaz legez abesten genuen kotxean, harro-harro eginda, Beasaindik Idiazabalera dauden hamar minutuetan. Denok elkarrekin afaltzen genuen han, eta afalondoren alde egiten zuten gurasoek, txintxo ibiltzeko esanda. Orduantxe hasten zen gure uda.
Udako egun haietakoren batean estimatu nuen lehenengoz buruan egitekorik ez izatea. Jolasean pasatzen genituen egunak. Otordu aurretik mahaia prestatzeko ordua zenerako aitona-amoneneko sukaldean baldin baginen, libre zen gainerakoa. Egunak igarotzen genituen kalean, izerdia tantaka gorputzean irristatzen zitzaigula, gehien maite genituen jolasetan. Afaldu eta gero zerua iluntzen hasten zenean, nekeak etzaten gintuen sofaren ertzean, eta guk nahi genuena ikusi ahal izaten genuen telebistan. Horixe zen gure uda.
Pixka bat koskortu garenean, iragan hura erromantizatzen igarotzen ditugu udako egunak. Estimatu estimatzen dugun arren, ez delako etorri ohi egunik buruan egitekorik izan gabe pasa dezakegunik. ■